Krisia EA-n

EAko Nazio Batzarrak Eba Blanco aukeratu du jarduneko idazkari nagusi

Gasteizko Epaitegiak baliorik gabe utzi zuen Blancoren izendapena, alderdiko sektore kritikoak auzitara jo ostean. Hark adierazi du desadostasunak «elkarrizketaren bidez» konpondu behar direla.

Eba Blanco, urriaren 29an Gasteizen egin zuen agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU
Berria
2019ko azaroaren 18a
21:33
Entzun

EA Eusko Alkartasunaren aurkako salaketa jarri zuten Maiorga Ramirez ildo kritikoko hautagaiak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzaileak, Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak eta Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzaileak. Horren ondorioz, epaileak behin-behinean eten zuen Eba Blancoren idazkari nagusi izendapena, kautelazko neurri gisa. Hala, alderdiko afiliatu talde batek eskatuta, Nazio Batzarrak —biltzarren arteko organo gorenak— jarduneko idazkari nagusia izendatu du gaur, prozesu judizialak iraun bitartean alderdia zuzen dezan. Batzarrak bi hautagaitza proposamen jaso ditu: Eba Blanco eta Maiorga Ramirez. Ramirezek uko egin dio kargura aurkezteari, alderdiak ohar batean zabaldu duenez. Hortaz, Blanco izan da jarduneko idazkari nagusi izateko hautagai bakarra, eta Nazio Batzarraren babesa jaso du —botoen %62—.

Gasteizen egin dute jarduneko idazkari nagusia izendatzeko ekitaldia. Blancok hitz egin du han, eta adierazi du EAn dauden desadostasunak «elkarrizketaren bidez» konpondu behar direla. Azaldu du alderdia behin baino gehiagotan saiatu dela «konponbide adostu baterako markoak eratzen, diskrezioz», baina hori oztopatu dutela auzia epaitegietara eraman duten «lau afiliatuek». Alderdiko sektore kritikoak auzitara jo zuen salatzeko ez dutela sarbiderik izan alderdiko erroldara, eta, beraz, desabantailaz aritu direla hauteskunde primarioetan.

«Eztabaida beti bilatuko dugu, eta behar-beharrezkoa da. Nazio Batzar hau da hori egiteko gunea. Batzarra eta haren erabakiak errespetatzen badira, konponbidea erraztuko litzateke», esan du Blancok. Nabarmendu du «alderdia jostea» dela bere lehen zeregina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.