Apustu etxeak

Iruñeko Udalak ez du apustu etxeetarako lizentziarik emango urtebetez

«Alarma soziala» sumatzen du inguruan, eta ikerketa bat abiatu du apustu etxeen gaineko araudia berritzeko. Nafarroako Gobernuak ere ez du lizentziarik emango bolada batean.

Apustu etxeen aurkako pegatina, Iruñeko kalean. BERRIA
Berria
2019ko azaroaren 18a
09:29
Entzun

Iruñean, udal gobernu batzordeak gaur onartu du bertan behera uztea apustu etxeak irekitzeko eta haietan obrak egiteko lizentziak, urtebeterako gehienez. Orain, udalak ikerketa bat abiatuko du, aztertzeko nolako eragina duten hirian apustu etxeek, joko aretoek eta bingoek. Haren asmoa da hirigintza arauak berritzea ikerketa horren emaitzetatik abiatuta.

Iruñeko Udalak adierazi du hainbat arrazoik bultzatuta hartu dutela lizentziak eteteko erabakia. Batetik, «alarma soziala» sumatzen dute inguruan; gero eta apustu etxe gehiago ari dira zabaltzen inguruan, eta ludopatiaren gaineko kezka dago. Bestetik, toki horien gaineko arauak berritu nahi dituzte. Gainera, Nafarroako Gobernuak urriaren 30ean hartutako erabakiaren atzetik etorri da hau: orduan, erabaki zuten Nafarroan apustu etxeen jarduerarako lizentziarik ez ematea sei hilabetez.

Udalak zein Nafarroako Gobernuak dute negozio horien ardura: gobernuaren lana da lan jardueraren onarpena ematea aurrez, eta udalarena, berriz, obrak egiteko eta irekitzeko lizentziena. Hala, horrelako lokal bat irekitzeko bien baimenak behar dira —erakunde eta baimen bakoitza independentea da—.

EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena Iruñeko Udalean, bi helbururekin: apustu etxeak arautzea, eta ludopatiaren prebentzioa. Ondoren, zenbait eragilerekin hitz egin du udalak —ludopatiaren aurkako elkarteekin eta apustu etxeen enpresekin, besteak beste—, eta haiek egindako ekarpenetatik abiatu nahi dute orain hasiko den arautzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.