Agin Laburu nagusitu zen Arrasaten 501 puntuko markarekin eta zuzenean sailkatu da Ilunbeko finalera. Jarraian, Nerea Elustondo (467), Iñaki Apalategi (459), Unai Mendizabal (452), Unai Gaztelumendi (447) eta Eñaut Martikorena (434) egokitu ziren finalerdietako lehen kanporaketan.
Arrasateko Uarkaperen aldean, frontoi beroagorik topa zitekeen Euskal Herrian, ordu berean lau eta erdiko finala baitzegoen jokoan Iruñeko Navarra Arenan. Bat baino gehiago aritu zen belarriak bertsotan eta begiak pilotan.
Saio ederra bezain gorabeheratsua izan zen, ezker gantxoak eta txapak, ale ederrak eta zabarkeriak uztartuz. Laburu aritu zen dotoreen frontoian, takoen ordez, takoiekin, maila bat gorago. Lehenengo sailkatu da kantatu dituen bi kanporaketetan, dezenteko tartearekin gainera, eta txapela lortzeko hautagai nagusietako bat da. “Kooperatiba bihurtzen gaitu oholtza honen zabalerak,/ asmo komun bat dugula igo baititugu eskailerak./ Autonomoa naiz ni ordea ta sobran daude galderak,/ norberarenak izango dira irabazi ta galerak.”, bota zuen agurrean.
Finalerdietarako zortziko handia txiki geratzen zela eta hamarreko handiarekin ekin zioten saio puntuagarriari. Dena den, ez zen neurria izan, gaien planteamendua baizik, ariketaren nobedade nagusia. Zuzentasun politikotik kritikagarriak edo, gutxienez, enpatizatzeko hain errazak ez diren roletan jarri zituzten bertsolariak, hala nola haurrak etorkinen seme-alabak gehiengoa diren eskola publikotik itunpekora eraman dituzten gurasoak, kuadrillako baten eraso matxistaren aurka ezer egin ez duten lagunak, eta ETAren mehatxuengatik Euskal Herritik joan ziren eta orain itzultzea planteatzen duten enpresariak, bertsoari hain ondo doakion aldarrikapen populistaren ordez, hainbeste jorratu ez diren bide diskurtsiboei ahotsa emanaz. Egoerari heltzeko hiru bide bereizi ziren: hausnarketa autokritikoa, dagokion roletik abestea edo hori exajeratuz karikaturizatzea. Hirurak zilegi, bat ere ez erraza.
Urak bere onera itzuli ziren zortziko txikian eta, hirurak saio txukunak izan baziren ere, zimurrak disimulatu nahi dituen Mendizabal agurearen eta Laburu tatuatzailearen artean osatutakoa izan zen aipagarriena, bereziki bigarrenaren partetik. “Modernizatzea da zuen erritua/ ta azala nahi dezu zaharberritua./ Mapa egingo dizut neurri-neurrikua/ erliebe ta guzti euskal herrikua.” ekin zion Laburuk, “Baba karakola nuen azalean pasatu,/ gero oilo zirina epela probatu./ Orain mapa ipurdi gainean pintatu./ Aurreko beste ezerk eztit funtzionatu.”, Mendizabalek. “Hala ere laguna orain nago dudan,/ Euskal Herrian mapa jarriz gero mugan./ Ertz gehiegi ez baitet gaur ikusten zugan,/ zuk esan Txindoki non jarriko dizudan.” jarraian eta “Beraz hasia zera makina hartuta,/ Txindoki egiteko titira apunta,/ gaur goizean zegoen dena elurtuta,/ ta nik e txuri-txuri daukat titi punta.” erantzuna. Amaitzeko, “Batean Txindoki ta bestean Donosti,/ hemen itsaso eder bat jarri behar, noski!/ Tripa ez litzaizuke geldituko gaizki,/ izango bailitzake olatu ta guzti.” eta “Nere zimurrak dira neretzako drama./ Azal zimurrez daukat nik terreno dana./ Murias, Amenabar dabiltz banan bana,/ zuk ere hau berdintzeko badaukazu lana!” borobildu zuten ofizioa.
Sei puntuko motzean joan zen ofizio txukunik, Laburuk eta Elustondok osatutakoa izan zen dotoreena, Martikorenak eta Gaztelumendik eginikoaren baimenarekin. Batez ere fin aritu zen Gaztelumendi, bai seiko motzean, baita puntuka ere, eta saio osoan zehar joan zen ale ederrak utziz. Bat baino gehiago harritu zen sailkapenean gorago egokitu ez izanaz. Aipatu bezala, Elustondo eta Laburu kirol elkarte bateko kideak ziren, eta, dirua ateratzeko, Espainiako loteria saltzea proposatu zion Elustondok Labururi. Laburu hasi zen “selekzioen kontuarekin ere beti kexu./ Ta orain hortan zaude zu,/ noski egin dezakezu./ Beste aukerik ba ote dagon pentsatu al dezu?” galdezka, “Nola dirua urri dan,/ loteriaren zingiran,/ ta beste soluzio bat nola ez dagoen nigan,/ entzundakoan segidan/ hara kontuak zer diran:/ guk ez al degu ba parte hartzen, espainiko ligan?” erantzun Elustondok. “Estu daukagu katia,/ baino halere, maitia,/ neurtu zazu zer dan beharra ta borondatia./ Hori baita gizakia,/ barkaidazu esatia,/ ezta berdina behartu edo guk nahi izatia.” arrapostu Laburuk eta Elustondok, Gabonak direla eta kexu “otarrantzako rifarik ez du inork erosi nahi.”. Amaitzeko, “gero etzazu apustu etxerik berriz kritikatu” bota eta “Olentzeroren erroldan egin dezagun bilketa.” esanaz amaitu zuen Elustondok.
Puntukako ariketan diskotekara sartu ezinik aritu ziren Gaztelumendi eta Laburu, umorez eta freskotasunez. Dena den, freskotasunari dagokionez Txuri-Urdin izotz jauregian patinatzera joan, eta paretatik aldendu ezinda dauden Mendizabal eta Martikorenak egindakoak aipatzea merezi du. Martikorena hasi zen “Txuri-urdin dabiltza ta gu biok berde,/ nere atzean badaukat more pixkat ere”, Mendizabalek ekin zion ondoren “Honetako ez ginan gu sortu mundura,/ biok ere ez daukagu atleta itxura,/ bat fokarenakin ta honek pinguino itxura,/ izotza baino hobe genuke guk ura”, “hola egoten gera barra iskinean” amaitu zuen hurrena hernaniarrak eta bikain erantzun ostean Mendizabalek hasitakoari “Beste barra hortara ohitugoak gaude,/ baina hemen azpiak egiten du alde”. Azkenik “Tira, hobea degu orain jotatea,/ nola ematen dezun zuk Donald ahatea,/ zuritu frexkoren bat ez degu kaltea,/ ea erori gabe heltzen de(g)un atea.” botaz amaitu zuten.
Hain zuzen, ariketa horretan atera zuen etekin handien Martikorenak, irabazi zuen Andoaingo saioko azaña berdintzea lortu ez bazuen ere, saio amaieran puntu aldetik jaso ez zuena txaloz itzuli zion entzuleak. Finalera heltzea konplikatu xamar daukan arren, argi dago bera izan dela txapelketa honetako errebelazioa, argi dagoen bezala, saltoa txapelketan emanagatik, plaza dela bere habitat naturala. 2007Ko Gipuzkoako G puntua hartan, txapela Aitor Mendiluzek jantzi bazuen ere, Iker Zubeldia Txapi zegamarra izan zen txapelketa hartako benetako irabazlea, bere umore eta estilo propioarekin entzulea bereganatzea lortu baitzuen beste inork baino gehiago, eta esan daiteke era berean asmatu duela entzulearekin konektatzen oraindik bide luzea daukan 24 urteko hernaniarrak. “Kolpea eman nahi baino Guaido izan naiz ta ez Añez” bota zuen bukaerako agurrean, baina argi geratu zen aurreko biek ez bezala, Martikorenak herria alde daukala.
Amaitzeko, honela zioen kartzelako gaiak: “etxetik irteten ari zinela, besotik heldu dizu”. Gehiengoak familiaren perspektibatik heldu zion gaiari, haurraz agurtzera doazen gurasoak zein gurasoen etxetik joan nahi duten seme-alabak. Esaterako, Elustondok dotore kantatu zuen lanera doan amaren rolean: “alabatxo bat daukat etxean, noski eztaukat ahaztuta/ ta ez joatea hor agindu dit negar malkotan bilduta./ Une honetan nahiago nuke izango banintz ostruka./ Negar malkotan hortxe dakusat bi begiak handituta/ ta une hortan nahastu zaizkit nere presa eta kulpa.” bota zuen lehenengoan, “ez joateko Nahia txikiak hor eskatzen dit halare./ Nere kulpatik emozio hau sentitzen dut horren grabe,/ zer dela eta ote naiz beti sentimentu honen jabe?/ Bera ere joaten da ba batere kulparik jabe.” bigarrenean, “ohartzerako bueltatuko naiz ta egon dadila lasai.” hirugarrenean.
Apalategi izan zen beste ikuspegi bat erantsi ziona etxeko atarian dagoen eskaleari kantuan: “Laranja zumo bat edan eta kafesneari bi trago,/ gaurkoan ere berandu noa gurean ez da arraro./ Igogailua hartu ta behera,/ azkenerako iritsi gera./ Orain portalean nago./ Ta irtetean hemen beso bat inoiz baino azkarrago,/ neri ezaguna egiten zait hau ta pentsatu dut akabo./ Beti egoten da bera eskean,/ ezkaratz baten ta babespean,/ hiru portal aurrerago,/ baina gaur gurean dago.” bota zuen lehena, “Dirulaguntzak jasotzeko ere kendu diote ohorea,/ gure limosnak neurtzen al du ba gizartean balorea?/ Nahiz eta eman dedan ajea/ eta sentitu ONGa/ ta egin dudan nirea./ Hau al da konponbidea?” galdetuz amaitzeko.
Hurrengo saioa datorren igandean jokatuko da Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Kantuan arituko dira Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia eta Iñigo Mantzisidor Larrañaga.