Iruñeko Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimototsek azaroaren 29an Baluarten egin beharreko ikuskizuna bertan behera utzi izana "boikot bat" dela salatu dute pailazoek. Pailazoek astelehenean, 17:30etan, Katakraken egingo duten prentsaurrekora azaltzeko deia egin diete haur eta familiei. "Arazoa handia da, baina ez gaindiezina", aldarrikatu dute: "Zentsura, putzura".
Bideo baten bidez, eta umorea galdu gabe, Udalak emaniko erantzunaren parodia egin dute: No bengais a Plamplona! Hay-untamiento. Iruñeko haurrekin eta familiekin "jolastu ezina" kritikatu dute pailazoek. Iñigo Sancho abokatuak, berriz, "gehiegikeriatzat" eta "zentsuratzat" jo du Udalaren erabakia, eta adierazi du "irudimena eta ekimena" beharko dituztela horri aurre egiteko: "Sentitu, pentsatu eta ekin!".
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek atzo eman zuten Iruñeko Udalak euren Bizi Dantza ikuskizuna bertan behera utzi izanaren berri. Maiatzetik zuten hura hitzartua, ikuskizun berriaren aurkezpen biraren barruan. UPN buru duen udalak, berriz, aurreko udal gobernuari bota dio ikuskizuna bertan behera geratu izanaren errua —EH Bildu zegoen orduan agintean—, kontratua "era irregularrean" egin zelako. Ez da, ordea, alderdi horrek pailazoen aurka egiten duen lehen aldia. 2017. urtean "Batasunaren pailazoak" direla adierazi zuen, eta haiek Iruñean antzeztea kritikatu.