Bizikidetza

Jaurlaritzak moldatu egin ditu 'Herenegun' indarkeriari buruzko unitate didaktikoen edukiak

"Elkarren arteko begiradak hurbiltzeko" egin dituzte aldaketak.

'Herenegun' unitate didaktikoaren materialen aurkezpena, iaz. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 13a
21:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzak prestaturiko Herenegun programaren edukiek hautsak harrotu zituzten, ezagutarazi orduko. Eskoletan indarkeriaren gaia eta Euskal Herriko azken hamarkadetako historia ikuspegi kritikotik lantzea zen egitasmoaren helburua, eta, horretarako, besteak beste, zenbait bideo prestatu zituzten, baina alderdi politikoek eta bestelako eragileek kritikatu egin zituzten eduki horiek. Orain, Jaurlaritzak iragarri du 36 aldaketa nagusi egin dituela unitate didaktiko horietan.

Orotara, edukien inguruko 31 ekarpen multzo jaso zituzten: batzuek material osoa jartzen zuten auzitan, eta beste batzuek, berriz, aldaketa sakonagoak edo hobekuntza zehatzagoak proposatzen zituzten. Eragileekin elkarrizketa prozesu bat egin ondoren, aldaketak egin dituzte bideo eta bestelako materialetan.

Batez ere, mezu nagusia indartu nahi izan dute bideoetan: off-ekoahotsbaten bidez, nabarmentzen dute ez dagoela «ideia bat bera ere pertsonaren balioaren eta bere giza duintasunaren gainetik», eta «orduko akats eta izugarrikeriek» ez luketela inoiz gertatu behar. Bideo bakoitzaren amaieran off-eko ahots batzuksartu dituzte, «hamarkada bakoitza testuinguruan kokatzen dutenak" eta "ikasleen hausnarketa kritikorako» balio nahi dutenak.

Lekukotza gehiago ere sartu dituzte, eta orain 25 biktimaren adierazpenak agertzen dira bideoetan. Horietatik hamasei ETAren biktimak dira, bi GALenak, beste bi «Poliziaren legez kanpoko indarkeriarenak», bat jazarpen indarkeriaren biktima batena, eta beste bat torturak pairatutako pertsona batena. Horrez gain, Gasteizko martxoaren 3ko hiru biktima ere agertzen dira, sekuentzia berean.

Jaurlaritzak uste du prozesuak «emaitza ona» ekarri duela, eta sartutako aldaketa guztiak «elkarren arteko begiradak hurbiltzeko eta topaketa puntuak sortzeko ahalegin bat» direla.

Jaurlaritzaren aburuz, programaren inguruan piztutako eztabaida ez da «arazotzat» hartu behar, «errealitatearen adierazletzat» eta topaketa puntuetan «aurrera egiteko aukeratzat» baizik. «Prozesu honek Herenegun hobetu du, haren edukiari buruzko adostasuna handitu duelako. Oroimen eta bizikidetza gaietan, adostasuna da edozein prozesu hobetzeko balio kualitatibo gailena», azaldu dute.

Datorren udaberrian, material didaktiko hori zortzi ikastetxetara eramango dute, proba gisa. Ostean, materiala berriro ebaluatu eta aztertuko dute, eta ez dute baztertzen hura «hobetzen jarraitzeko» aukera, betiere «elkarrizketaren eta egindako ekarpenekiko abegiaren irizpide berberari» eutsiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.