Literatura

Xabier Lete omenduko dute haren heriotzaren 10. urtemugan

Gipuzkoako Foru Aldundiak  idazle eta kantari horren funtsetan oinarritutako erakusketa bat eta hari buruzko dokumental bat egin nahi ditu 2020an. Urtearen hasieran, berriz, Xabier Lete poesia saria zeinek irabazi duen jakinaraziko du.

Xabier Lete. IKOR KOTX
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 13a
17:24
Entzun

2010. urtea. Abenduaren 4a. Durangoko Azokak bigarren eguna zuen albistea iritsi zenean. Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 - Donostia, 2010) olerkari, kantari eta euskal kulturak 1960ko hamarkadan izan zuen pizkundearen eragileetako bat hil zen egun horretan. Horrenbestez, datorren urtean beteko da Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena, eta hori baliatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak sortzaile ez ezik diputazioko Kultura zuzendari eta Kultura diputatu ere izan zenari omenaldia egiteko.

Oraingoz, asmoen berri eman du gaur Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak. Alde batetik, diputazioak orain hiru urte eskuratu zituen artistaren funtsetan oinarritutako erakusketa bat jarri nahi du martxan, Gipuzkoako udalerrietara ez ezik beste herrialdeetara ere eramango dutena. Alde horretan, helburua litzateke funts horien artean Leteren ibilbidea eta garapena ulertzeko balioko duen dokumentazioa aukeratzea. Hain zuzen ere, ohiko erakusketa aretoetan baino gehiago liburutegietan atontzeko moduko erakusketa bat izango dela aurreratu du Itxasok.

Leteren gaineko dokumental bat egiteko asmoa ere azaldu du Kultura diputatuak, eta horretan EITBk parte hartzea espero dutela. Era berean, poesia eta musika uztartuko dituen ekitaldi bat ere egin nahiko luke Gipuzkoako Foru Aldundiak urte amaierarako. "Oraindik ez daukagu diseinatuta, baina taularatze bat izango da. Orain hasiko gara bilerak egiten zer egin dezakegun pentsatzen hasteko", esan du Itxasok.

Gaurko agerraldian Juan Kruz Igerabide ere izan da, eta hark Leteren "hitzaren indarra" ekarri du gogora. "Kanpoko poesia ekarri zuen, eta lurrari sustraitutakoa gehitu zion. Indar telurikoa zuten haren poesiak eta kantaerak". Horretaz gain, gogora ekarri du nola Letek, Anjel Lertxundi eta Juan Mari Lekuonarekin batera, Lizardiren poesiagintzaren berrirakurketa bat egin zuen, "berrirakurketa indartu bat"

Poesia saria

Datorren urtean beteko dira, halaber, hamar urte diputazioak Xabier Lete poesia saria abian jarri zuenetik. Bi urtetik behin antolatzen du, eta, orain arte, Karlos Linazasorok, Luis Gardek, Asier Serranok eta Juanjo Olasagarrek irabazi dute.

Bosgarren aldiz dago orain abian, eta abenduaren 5era arte dago lanak aurkezteko epea. Lourdes Otaegi epaimahaikideak adierazi duenez, aurreko lau ekitaldietan "kalitate handiko liburuak" saritu dituzte, eta nahiko lukete aurten ere kalitatez zein kantitatez oparoa izatea sariketa. Azken lehiaketan, esaterako, hemeretzi lan aurkeztu ziren, eta kopuru "azpimarragarria" iruditzen zaio Otaegiri.

Lehiaketara aurkezten diren lanek euskaraz izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak; gutxienez 500 bertso izan behar dituzte, eta saria, Jose Ramon Andaren garaikur batez gain, 12.000 eurokoa da.

Leteren itzala handia da oraindik, eta horren isla da gaur egun haren gaineko hiru doktore tesi egiten ari direla unibertsitatean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.