Literatura

Bernardo Atxagak jasoko du Espainiako Letren Sari Nazionala

Sariarekin, Espainiako Kultura Ministerioak aitortza egin dio idazlearen ibilbide literarioari.

Bernardo Atxaga, bere azken nobela aurkezten, iragan urrian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko azaroaren 11
14:01
Entzun

Bernardo Atxaga idazleak jasoko du aurtengo Espainiako Letren Sari Nazionala. Idazle baten obraren osotasunari egiten dio aitortza sari horrek, eta Espainiako Kultura Ministerioak banatzen du. Gaur bildu da sari horren epaimahaia, eta Atxaga saritzea erabaki duela jakinarazi du.

Epaimahaiaren iritziz, "euskararen eta gazteleraren modernizazioari eta nazioarteko proiekzioari ekarpen funtsezkoa" egin dio Atxagak. "Poesiaz blaitutako narratiba baten bidez" egin du hori idazleak, "zeinetan errealitatea eta fikzioa distiraz konbinatu dituen".

Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da Bernardo Atxaga. Asteasun (Gipuzkoa) 1951. urtean jaioa, Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta, hainbat lanbidetan aritu ostean, idazle langintzan erabat murgildu zen 1980ko hamarkadan. Genero guztietan aritu da ordutik, hala nola narrazioan, eleberrigintzan, poesian, antzerkian, saiakeran nahiz haur literaturan, eta bere liburuak 34 hizkuntzatara itzuli dituzte. Euskaltzain oso da 2006tik, baita Jakiundeko kidea ere, 2010etik.

1970eko urteetan publikatu zituen bere lehen ipuinak, tartean, Borobila eta puntua (1972), eta garai hartakoa du Etiopia (1978) poesia liburua ere. Haien ondotik iritsi ziren Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984) eta Bi anai (1985) lanak, besteak beste. Sona gehien, baina, Obabakoak (1988) nobelarekin iritsi zitzaion. 26 hizkuntzatara itzulia, Euskadi Saria, Espainiako Narratiba Saria eta Kritikaren Saria irabazi zituen idazleak lan horri esker, eta European Literary Award sarian finalista izan zen. Ez zen hura izan, ordea, saririk ekarri zion lan bakarra. Haren ondotik idazleak publikatutako hainbat liburuk ere jaso dute aitortzarik. Behi euskaldun baten memoriak (1991) nobelagatik, 1994an IBBY International Board on Books for Young People erakundearen ohorezko zerrendara gehitu zuten idazlea.

Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995), Soinujolearen semea (2003, Grinzane Cavour Saria, Mondello Saria, Times Literary Supplement Translation Prize saria), Zazpi etxe Frantzian (2009) eta Nevadako egunak (2013, Euskadi Saria) eman ditu argitara urteotan, besteak beste. Eta horietatik zenbait zinemara ere eraman dituzte, tartean, Montxo Armendarizek (Obaba, 2005), Aizpea Goenagak (Zeru horiek, 2006), Imanol Rayok (Bi anai, 2011) eta Fernando Bernuesek (Soinujolearen semea, 2018). Saiakeran, berriz, Lekuak (2005) nahiz Markak. Gernika 1937 (2007) plazaratu ditu, besteren artean.

Joan den hilean publikatu zuen bere azken nobela izango dena, Etxeak eta hilobiak, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Aitortzarekin batera, 40.000 euroko saria ere jasoko du idazleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.