ETB

ETB1ek 'Ihesaldia' telesaila estreinatuko du abenduan

Zuzendaria Jabi Elortegi izango da. 1976an Basauriko (Bizkaia) kartzelan egin zen ihesaldi saiakera bat da istorioaren ardatza. Pausokak eta ETBk elkarrekin ekoiztu dute. Bost atal izango ditu.

'Ihesadia'-ren kartela. ETB
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 6a
18:22
Entzun

Hiru urte eta erdiko hutsunearen ostean, ETB1ek helduentzako telesail bat estreinatuko du abenduan  —azkeneko denboraldietan haurrei zuzendutako Go!azen eta bi websail baino ez dituzte eman—. Ihesaldia izango da telesail berriaren izenburua.

1976. urtean, Basauriko (Bizkaia) kartzelako preso talde batek bertatik ihes egiten zutenaren itxura egin zuen. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Horixe da hain zuzen ere ETB prestatzen ari den telesailaren abiapuntua.

Jabi Elortegik (Goenkale, Balbemendi, Go!azen...) zuzendu lana, eta Pausokak eta ETBk elkarrekin ekoiztutako fikzioaren aktore protagonistak hauek dira: Iñigo Aranbarri (Peio Arzamendi), Xabi Perurena (Josean Uriondo), Xabi Jabato López (Diego Rojas 'Fugas'), Aitor Borobia (Julian Izagirre), Jon Ander Alonso (Xabi Garcia de Ibar), Aitor Beltran (Mikel Beltza), Nerea Gorriti (Ana Duo), Miren Arrieta (Mertxe) eta Paco Revueltas (Juarez kartzelako zuzendaria).

Egiazko historia bat oinarri hartuta, gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi ditu ETAren zuzendaritzak; tartekatuko dituzte baita ere ustez ihes eginda dauden presoen familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa ihesaldiak bere lan-ibilbidea kaltetu ez dezan.

Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, kontakizun askea sortu dute gidoilariek. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dituzte. Protagonisten izenak ere aldatu egin dituzte.

Benetako istorioari dagokionez, 1976an, Basauriko (Bizkaia) kartzelako ihesaldi saiakera ETAko Patxi Aranak eta Iñaki Aramaiok, PCE(r)-ko Pedro Martinez de Ilarduiak, eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso komunek protagonizatu zuten. Azkeneko bi horiek, tailerretako pintura gelako murrutik eskalatuz, teilaturaino igo ziren; teila pare bat kendu eta egur pare bat urratuz, teilatu azpian erabat itsua zen ganbara zabal-zabal batera iritsi ziren. Iheserako beharrezko materiala bertara eraman zuten. Presoek soka luze bat utzi zuten teilatutik lurreraino zintzilik, ihes egin zutela irudikatuz, eta modu horretan, teilatu azpiko ganbaran gorde ziren bost presoak benetako ihesaldirako tunela egiteko. 52 egunez egon ziren ezkutatuta, Guardia Zibilak aurkitu zituen arte.

Segoviako kartzelan grabatu dute

Espetxearen grabazioak egiteko, Segoviako (Espainia) kartzela zaharrera jo dute, Imanol Uriberen Segoviako ihesa filma (1981) grabatu zuten toki berera. Gaur egun zentro soziokultural bat dago bertan, baina parte batean garaiko estiloa mantendu dute. Azpeitiko (Gipuzkoa) esklaben komentuko ganbara bat erabili dute baita ere grabazio batzuk egiteko. «Basauriko espetxe ondoko poliziaren egoitzetan grabatu dugu, baita Legazpiko [Gipuzkoa] tailer batean ere», azaldu du Xabier Zabaleta telesaileko gidoilari eta ekoizle eragileak. Hendaian (Lapurdi) egun bateko grabaketak egin zituzten. «Grabaketak konplexuak izan dira, gaur egun ez dagoelako garai bateko kartzelarik. Horregatik, zatika joan gara grabatzen. Elortegik meritu handia du dena bat dela irudikatzeko». Zabaletarekin batera, gidoilari lanetan Aitor Eneritz eta Asier Gerikaetxeberria aritu dira.

Zabaleta itxaropentsu dago telesailak izan dezakeen bidearekin. «ETBren baietza jaso aurretik, beste toki batzuetan proiektua erakusten hasi ginen, gaia unibertsala baita». Diru gehiagorekin egin izan balitz, kanpoan saltzea errazagoa litzatekeela uste du Zabaletak. Hala ere, gustura dago asteon banatzaile enpresa baten proposamena jaso duelako. «Gidoiak eta teaser labur batzuk erakutsi dizkiegu, eta gustatu zaizkie. Genero honek badu bidaiatzeko aukera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.