Migratzaileak

Bilboko portutik Erresuma Batura migratzaileak bidaltzen zituen talde bat desegin dute

Taldeak Bilboko eta Pasaiako portuak erabiltzen zituen. Poliziak 11 miaketa egin ditu, eta bederatzi lagun atxilotu dituzte; horietako hiru Eibarren.

Bilboko portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO
2019ko azaroaren 4a
13:48
Entzun

Erresuma Batuan ezkutuan migratzaileak sartzen zituen talde bat desegin du Guardia Zibilak. Bederatzi lagun atxilotu dituzte; tartean, hiru Eibarren (Gipuzkoa). Ikerketaren arabera, besteak beste, Bilboko eta Pasaiako portuak erabiltzen zituzten horretarako. Bilbokoa erakundearen ekintza eremu nagusia izango litzateke. Horiez gain, Vigokoa (Galizia) eta Santanderkoa (Espainia) ere erabiltzen zituzten, besteak beste. Poliziek hainbat etxe miatu zituzten atzo; besteak beste, Gipuzkoan eta Bizkaian. Europa Press albiste agentziaren arabera, bederatzi lagun atxilotu zituzten, ia guztiak albaniar jatorrikoak. Horietatik hiru Eibarren. Operazioa oraindik irekita dago.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Bizkaiko itsasoko portuetatik Erresuma Batura migratzaileak bidaltzeaz arduratzen zen taldea. Bitan banatua legoke. Horietako bat, Bilbon, Barakaldon eta Sestaon ari zen lanean, eta Albaniatik iritsitako migratzaileei azpiegitura eskaintzeaz arduratuko litzateke, portuetatik gertu ezarritako kanpalekuetan.

Guardia Zibilak Frantziako eta Erresuma Batuko polizien eta Europolen laguntza izan du. Denera, 11 miaketa egin dituzte: besteak beste, Bilbon, Sestaon, Santurtzin, Bermeon eta Eibarren. Bederatzi atxilotu daude, zortzi albaniar jatorrikoak eta brasildar bat. Hainbat delitu egozten dizkiete horiei: atzerriko herritarren aurkako eskubideen aurkakoa, ondarearen aurkakoa, dokumentazio faltsutzea eta osasun publikoaren aurkako delitua, besteak beste. Migratzaileak kamioietan, kontainerretan eta ibilgailuen maletategietan ezkutatzen zituzten. "Bizitzarentzat eta osotasun fisikoarentzat oso arriskutsuak" diren moduak erabiliz ezkutatu ere, Barne Ministeriotik adierazi dutenez.

Operazioa 2018. urtean hasi zutela adierazi dute, Bilboko portuaren inguruan albaniar jatorriko jende kopuruak nabarmen gora egin ostean.

Azken urteetan nabarmen igo da Bilboko portura ezkutuan sartzen saiatu den jende kopurua, Erresuma Batura iristeko portu nagusietako bat bihurtu baita. Horri erantzunez, portua inguratzen duen hesia lau metro garai izateraino handitu zuten, eta, duela gutxi, estolderia sistema berritu dute. Izan ere, 2016an 433 intrusio egin ziren portu horretan, eta, handik urtebetera, 7.479. Iaz, berriz, 4.720.

Duela bi aste, 39 migratzaileren gorpuak aurkitu zituzten Essexen (Erresuma Batua), kamioi baten barruan. Horien jatorria oraindik ere zehazteko dago. Vietnamgo Gobernuak azaldu du, ordea, tartean herrialde hartako herritarrak egon daitezkeela. Herrialde hartako Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu, kasuarekin lotura dutelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.