Emakume futbolarien greba mugagabearen hasierak badu data: azaroaren 16-17ko jardunaldia. Madrilen egin dute sindikatuek eta Kluben Elkarteak ados jartzeko azken ahalegina, adiskidantza ekitaldian. Baina ez dute akordiorik lortu. Beraz, grebarako tramiteek aurrera segitzen dute, eta, epeak kontuan hartuta, asteburu hau izango da jokalariek jokatuko duten azken jardunaldia, akordioa lortu bitarte.
Hurrengoan etena dagoela kontuan hartuta, bi asteburu barru hasiko litzateke greba. Jokalariek ez dituzte partidak jokatuko, baina entrenatzen segituko dute. Aurreko asteartean iragarri zuten greba mugagabera jotzeko asmoa; legeak hala aginduta, adiskidantzazko ekitaldia behar zen. Hor ere ez da aurrerapausorik eman. Lanaldiaren iraupenean dago kluben elkartearen eta futbolarien arteko desadostasun nagusia. Horrek apurtu zituen elkarrizketak, eta egoera ez da bideratu. Izan ere, lanaldia gutxienez %75ekoa izatea eskatzen dute futbolariek; kluben elkarteak —bertan dira klub guztiak Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik—, berriz, jardun erdian jarri dute muga.
Jokalariek hasieran %100ekoa izatea eskatzen zuten, baina, akordiorako keinu gisa, %75era jaistea onartu zuten. Kluben Elkarteak, ordea, uste du ezinezkoa dela horra iristea. "Txapelketak sortzen dituen etekin ekonomikoak kontuan hartuta, muga %50ean jarri behar dugu". Jokalariak ez daude ados horrekin. Hala adierazi zuen Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalariak: «Azken batean, gu egun osoan gara futbolari, eta gure bizimodua horren arabera egiten dugu. Beraz, horri dagozkion baldintzak eskatzen ditugu, besterik ez. Guretzat kontratuen partzialtasunarena oso puntu inportantea da. Izan ere, horri lotuta daude gure etorkizuneko hainbat kontu». Adibide argigarri bat jarri zuen. «Lesio larri bat izan eta denbora luzeko gaixoaldi bat badugu, kontratuetan jasotzen den lanaldiaren iraupenak eragin handia du».
Urtebete, nahi ezin
Hilabeteko atzerapenarekin, iazko azaroaren 8an jarri zen martxan Espainiako Ligako emakume futbolarien aurreneko lan hitzarmena negoziatzeko mahaia. Sindikatuek izan beharreko ordezkaritzari eta sinatu beharreko akordio motari buruzko desadostasunek eragin zuten atzerapena. Helburua zen hitzarmena ahalik eta azkarren adostea.
Baina hilabete hauetan egindako hemezortzi bileretan ez dute lortu hitzarmena adostea, nahiz eta hainbat puntutan aldeek bat egin; adibidez, lan hitzarmena adosteko orduan zegoen beste puntu garrantzitsuetako bat gutxieneko soldata zen. Azken bileretan, gutxieneko soldata gordina urtean 16.000 eurokoa izatea adostu zuten.
Lan hitzarmenean jaso nahi dituzten eskubideen artean daude, gainera, gaixoaldian soldata osoa kobratzea, horren arrazoia edozein izanda ere; 30 eguneko oporraldia izatea, horietatik 21 udan eta segidan; irudi eskubideen parte bat futbolarientzat izatea. Horrekin batera, bi protokolo ere jaso nahi dituzte: haurdunaldi kasuei lotutakoa bata, eta sexu jazarpenei lotutakoa bestea, hain zuzen ere.