Katalunia

Otegik Espainiaren izaera "autoritarioa" salatu du 'The Guardian' egunkarian

EH Bilduko koordinatzaileak Kataluniako eta Euskal Herriko egoera politikoak izan ditu hizpide. Otegiren esanetan, bi gatazka horiek agerian utzi dute Espainiako Estatuaren izaera "ez-demokratikoa". Nazioarteko eragileen esku hartzea galdegin du.

jarraia172829.jpg
2019ko urriaren 23a
20:33
Entzun

Erresuma Batuko The Guardian egunkariak Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen iritzi artikulu bat kaleratu du, Espainiako Estatuak Kataluniako eta Euskal Herriko gatazketan izan duen jarrerari buruz. Otegiren esanetan, bi gatazka horiek agerian utzi dute Espainiaren izaera "autoritarioa". Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzian eman duen zigor epaia horren adierazle da, Otegiren aburuz. "Baina, egia esan, euskaldunontzat jarrera hori ez da batere berria", gaineratu du.

EH Bilduko buruak azaldu duenez, Espainia gai izan da bere "esentzia ez-demokratikoa ezkutatzeko", eta terrorismoaren kontrako borroka delakoa erabili du Euskal Herriko "gatazka armatuaren izaera politikoa ukatzeko".

Otegik gogorarazi du ezker abertzalea bide baketsu eta demokratikoetan oinarritutako jardun politikora gidatzen ari zirenean atxilotu zituztela bera eta Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez eta Miren Zabaleta. "[ETAren] indarkeria ez zen Espainiaren ahaleginei esker amaitu, hark jarritako oztopoen gainetik baizik". Espetxe zigorra bete ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak nabarmendu du beren kontrako epaiketa bidegabea izan zela. "Gauza bera gerta dakieke orain kataluniarrei". Otegik gaineratu du Espainiak "240 euskal preso politiko" dituela oraindik espetxean, ETAk bere jardun armatua 2011n amaitu zuen arren. Otegiren iritziz, horrek adierazten du Espainiak "interes falta" duela "bake iraunkorra" lortzeko.

Otegik ohartarazi du Espainiak indarkeria erabiliko duela Katalunian ere, bere izaera "autoritarioa" estaltzeko. "Hedabide eta auzitegi espainiarrak terrorismoaz hitz egiten hasiak dira Kataluniako auzian". Haren esanetan, "Gobernuak gustuko luke kataluniarren autodeterminazioaren aldeko aldarrikapen zilegi eta baketsua indarkeria bihurtzea. Hori da Polizia eta indar militarrak beren taktika biolentoekin azken egunetan egiten saiatu direna".

Kataluniako mugimendu independentista "bakearekin konprometituta" dagoela ziurtatu du. "Euskal Herrian gauden bezala". Era berean, bi herrialdeetako mugimendu subiranistak "oinarrizko eskubide demokratikoak" lortzeko helburua dutela azaldu du, eta Espainian ez dela "egiazko demokraziarik" izango bere "izaera plurinazionala aitortzen ez den arte".

Otegik ohartarazi duenez, "gisa honetako gatazketan ez dago irtenbide iraunkorrik elkarrizketarik gabe". Haren arabera, gatazka nazioartearen esku hartzearekin konpondu daiteke soilik. "Europako erakundeek eta estatuek ahotsa altxa behar dute irtenbide negoziatu baten alde, beranduegi izan baino lehen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.