Laboral Kutxa Itzulpengintza sariaren bosgarren edizioan, Ainara Munt Ojangurenek (Zaragoza, Espainia, 1975) eskuratu du saria. Lan saritua Joseba SarrionandiarenHilda dago poesia? poema liburuaren katalanerako itzulpena izan da, És morta la poesía? izenburua duena.
Aurtengo irabazleak gaur bertan jaso du saria, Jordi Panyella Pol·en Edicionseko editorearekin batera, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldi batean. Han izan da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta itzulpenaren garrantzia nabarmendu du euskal kultura nazioartekotzeko bidean: "Itzulpengintzarekin lotutako proiektuak sustatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzen du itzulpengintzaren garrantzia, eta ahalegin bat egiten du itzultzaileen lana aitortzeko. Kasu honetan, Etxepare-Laboral Kutxa sariaren bitartez, euskaratik beste hizkuntzetara egiten diren itzulpenik bikainenak aitortu nahi ditugu, garrantzitsuak baitira euskaraz sortzen den kultura munduratzeko".
Saria nori eman erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Itzultzailearen ibilbidea bera eta itzulitako generoaren, poesiaren, balioa ere aintzat hartu dira lana baloratzeko orduan. “Itzulpen zaindua eta zehatza izatea, idazleak jatorrizko hizkuntzan bilatutako esanahia katalanez islatzeko jarritako arreta eta jatorrizkoaren musikalitateari eta efektu adierazkorrari eusteko ahalegina" nabarmendu du epaimahaiak bere adierazpenean. Era berean, argitaletxearen lanari dagokionez, zera azpimarratu du: “Nabarmentzekoak izan dira euskal literatura eta, bereziki, Sarrionandiaren lana kataluniarrei helarazteko urteetan egindako ahalegina”.
Sariaren bosgarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna Laboral Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Jose Manuel Lopez Gaseni, idazlea; Elizabete Manterola, EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea; Kizkitza Galartza, Etxepare Euskal Institutuko Literatura Teknikaria, eta Mikel Lasa, Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio arduraduna.
Ainara Munt Ojangurenek aita katalana eta ama euskalduna ditu, eta Bartzelonan egin ditu bere bizitzako urte gehienak. Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen Vic-eko Unibertsitatean, ingelesean eta alemanean espezializatuz, eta Kataluniako Itzultzaile eta Interpreteen Erakunde Profesionaleko kide da. Literatura, saiakerak, ikerketak edota erakusketetako eskuorriak itzuli ditu batik bat Muntek, baina itzulpengintza zientifiko-teknikoan edota ikus-entzunezkoan ere badu eskarmentua. Aurretik ere, Joseba Sarrionandiaren lan gehiago itzuli ditu katalanera; hain zuzen ere, Ni ez naiz hemengoa (Jo no soc d’aquí) eta Moroak gara behelaino artean? (Som com moros dins la boira?). Hilda dago poesia? izan da Sarrionandiari egin dion azken itzulpena, eta lan honek, besteak beste, Mallorcako Cavall Verd literatura sarietan Rafel Jaume saria irabazarazi dio Munti, urteko poesia itzulpenik onenarengatik.