Iazko aurrekontu proiektuaren parekoa da aurtengoa, diru kopuruan. Eusko Jaurlaritzak 11.774 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2020rako. Iazkoa baino hamar milioi txikiagoa. Baina, zor publikoa ordaintzera diru gutxiago bideratu beharko duenez, aurrekontu erabilgarria 301 milioi handiagoa izango da.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, aurrekontu proiektuaren %77,5 gizarte politiketara bideratu da, Osasuna, Hezkuntza, Enplegua eta Gizarte Politika sailetara. Horrez gain, sailburuak nabarmendu du aurrekontuaren %10,5ak genero ikuspegia hartzen duela aintzat, eta 540 milioi klima larrialdiaren kontrako neurriei lotuta daudela. Gaineratu du proiektuak langile publikoen %2ko soldata igoera ere jasotzen duela.
Arloz arlo
Proiektuak Osasun sailari egokitu dio diru zatirik handiena. Guztira, 1.093 milioi euro hartu ditu, iaz baino %3,7 gehiago. Hezkuntza arloan, Jaurlaritzak 2.919,2 milioiko gastua aurreikusi du, iaz baino %2,6 gehiago.
Gobernuak 1.093 milioi bideratu nahi ditu inbertsio publikora —aurrekontu osoaren %10,2—, eta, berrikuntzari egokitutako diru sailean, proiektuak %5,44ko hazkundea jaso du.
Enplegu eta Gizarte Politikak sailak ere 1.000 milioi inguru jasoko lituzke; iaz baino %0,2 gehiago. Diru sarrerak bermatzeko errenta %2 igo da, nahiz eta arlo horretan 2019an baino 20,5 milioi gutxiago erabiliko diren. Izan ere, eskatzaile gutxiago dago.
Proiektuak 962,7 milioi egokitu dizkio Ekonomia Garapen eta Azpiegituran sailari. Arlo horri dagokio hazkunderik handiena (+%11,2). Euskal Y-aren kudeaketarako eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako maileguek 100,5 milioi hartuko dituzte.
Jaurlaritzak 670,5 milioi gastatu nahi ditu Segurtasunean (+%1,9), eta 276,3 milioi Kultura eta Hizkuntza Politikan (%+6,2).
Ingurumen Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailarentzat, berriz, 236,1 milioi gorde ditu proiektuak, iaz baino %5,7 gehiago. 225 milioi ditu Lan eta Justizia sailak (+%3,8), eta 126,6 milioi Lehendakaritzak (+%3,2). Gobernantza Publiko eta Autogobernuaren saila da hazi ez den bakarra. 121 milioiko aurrekontuari eutsi dio.
Ogasunak eta Ekonomia sailari 54,9 milioi dagozkio (+%4,4), eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailari 42,6 (+%3,4). Gainerako arloetara 1.166,1 milioi bideratu dira. Iaz baino %24,6 gutxiago.
Azpiazuk nabarmendu du zorraren amortizazioa 714,7 milioira murriztu dela; iaz baino 384 milioi gutxiago.
Negoziaziorako bilerak
Azpiazuk ostiralean hasiko du aurrekontuak negoziatzeko bilera sorta EH Bildurekin, Elkarrekin Podemosekin eta PPrekin. Sailburuaren esanetan, "badirudi" Elkarrekin Podemosekin "baldintza hobeak" daudela negoziaziorako, EH Bildurekin baino. PPri buruz adierazi du azken adierazpenek ez dutela akordioa errazten. Hala ere, ziurtatu du talde guztiekin egingo dituela akordioa lortzeko ahaleginak.