Zientzia

EHUko lantalde batek ekaitz polarrak aurkitu ditu Saturnon

Nature aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak. Halako 30 eta 60 ekaitz inguru izaten dira urtean, eta zazpi hilabete irauten dute.

Saturnoko ipar poloko ekaitzen irudia, ordeagailu bidez eginiko simulazioan. EHU
2019ko urriaren 21a
17:35
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Planetologia lantaldeak Nature aldizkarian argitaratu ditu Saturnon aurkitutako ekaitz handi luze batzuei buruzko emaitzak. 2018ko martxoan, astronomo brasildar amateur batek ikusi zituen lehen aldiz ekaitzen sorlekua izan zitezkeen orban zuri distiratsu batzuk, ipar polotik gertu, eta horiek aztertu ditu EHUko lantaldeak.

Ikerketak iraun duen denboran, beste orban batzuk ikusi dituzte, ordu arteko behaketetan inoiz ikusi gabeak, eta frogatu dute desplazatu egiten direla, abiadura desberdinetan, eta elkarrekin topo egin eta elkarren albotik igarotzen direla, elkarri eraginez eta perturbazio atmosferikoak sortuz. Ekaitz horien  sorleku izan daitezkeen irudiak —ordenagailu bidez eginiko simulazioen bidez— argitaratu dituzte zientzia aldizkari prestigiotsuan.

"Orain arte, ekaitz txiki isolatuak bakarrik ikusi ditugu, edo Orban Zuri Handi deritzen diren ezohiko ekaitz erraldoiak", azaldu du Agustin Sanchez Lavega irakasle eta azterlanaren zuzendariak. Orain aurkitutako ekaitzak ipar hemisferioan topatu dituzte soilik, eta azaldu dute urtean 30 eta 60 inguru izaten direla, eta luzeak direla. "Lurrean, gisa horretako ekaitzek egun batzuez iraun dezakete, asko jota; Saturnon, ordea, lehen orbana zazpi hilabetean baino gehiagoan egon zen aktibo".

Sanchez Lavegak adierazi duenez, Saturno, gainerako planeta atmosferadunak bezalaxe, laborategi natural bat da Lurrean gertatzen diren fenomeno meteorologikoak aztertzeko eta horiek azaldu eta aurreikusteko modeloak probatzeko, muturreko egoeretan. Azterlana egiteko, nazioarteko eragile askoren arteko lankidetza izan dute: Cassini misio espaziala, planetaren orbitan izan zena 2017ko irailera arte; Hubble espazio teleskopioa, Calar Altoko behatokian (Almeria, Espainia) instalatuta dagoen EHUren PlanetCam kamera, eta behatzaile amateurren sare bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.