EAko ildo kritikoko 160ren bat afiliatuk agerraldi bat egin dute gaur eguerdian, Donostian, eta haien izenean Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi eta Espainiako diputatu ohiak alderdiko zuzendaritzari eskatu dio idazkari nagusia hautatzeko hautetsontziak jartzeko, "afiliatuen ahotsa entzun" dadin. "Erabaki egin nahi dugu alderdi eredua". Haien ustez, "denbora badago [auzi] hau bideratzeko". EA datorren ostiralean da arduradun berria aukeratzekoa, hauteskunde batzordearen primarioen epeek diotenez. Ildo kritikoak elkarrizketarako deia luzatu dio, "forma akatsengatik ezin baita bahitu afiliatuen erabakia".
Primarioetarako 400 abal aurkeztu zituen Maiorga Ramirezek, baina EAko hauteskunde batzordeak astelehenean ez zuen onartu haren hautagaitza, lurralde esparru bakoitzean gutxienez bost abal ez dituela lortu esanda. Hautagaiak helegitea aurkeztu zuen hauteskunde batzordean —berme batzordean oraindik ez—, baina haren ildoko iturriek BERRIAri esan diote oraindik ez dute erantzunik jaso. "EAn arduraduna ez da inoiz atzeko atetik aukeratu, beste alderdietan eta eragileetan ere ez, baina zuzendaritza hori ari da bilatzen", deitoratu du Larrañagak. "Bi hautagaitzak baldintza beretan lehiatzea eragotzi du".
Amara auzoko hotel batean egin dute prentsa agerraldia, eta han izan dira, Larrañagaz eta Ramirezez gain, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohi eta EAko presidente ohia, Manuel Ibarrondo EAko lehen presidentea, Iratxe Lopez de Aberasturi EAko Arabako koordinatzailea, Ikerne Badiola eta Onintza Lasa zuzendaritzakide izandakoak, Josu Ruiz, Eva Aranguren… Hoteleko aretoa bete egin dute. Agerraldiaren ondoren —kazetariei ez diete galdetzeko aukerarik eman—, barne bilera bati ekin diote.
Abalen auzia
Ekainean Pello Urizarrek bere kabuz idazkari nagusi postua utzi ondoren, EAko zuzendaritzak erabaki zuen primariok egingo dituela arduradun berria izendatzeko. Hil honen 25erako deitu zuen barne bozketa, eta, ofizialki, Eva Blancorena da hautagaitza bakarra. 60 abal aurkeztu zituen hark, eta, hauteskunde batzordearen arabera, baldintzak bete ditu primarioetan lehiatzeko.
Ekainean onartutako araudi aldaketak eskatzen zuen herrialde bakoitzeko gutxienik bost abal lortu behar dituela hautagaiak. Iragan astean berme batzordeak herrialdekako baldintza hori kendu egin zuen, baina ondoren Nazio Batzarrak araudia bere horretan utzi zuen, aldeko 55 botorekin eta kontrako 39rekin. 39 kideek salatu zuten Batzar Nazionala derrigortuta dagoela berme batzordearen erabakia errespetatzera; aldiz, batzar nazionalak azpimarratu zuen alderdiaren organo gorena dela.
Esther Larrañaga ildo kritikoko eledunak esan du "militantzia aktibatzeko" izan behar zutela primarioek, "baina konfrontazio aitzakia bilakatu da". "Tristeziaz eta penaz" bizi dute egoera, Larrañagak adierazi duenez.
Agerraldian ez dute EH Bilduko antolaketaz edo parte hartzeaz aipamenik egin. Jakina da kritikoek EAren protagonismo handiagoa aldarrikatzen dutela indar subiranistaren barruan; deitoratzen dute ildo ofizialak EA EH Bilduren barruan "urtu" egin nahi duela. Gaur azaldu dutenez, beharrrezkoa da Euskal Herrian sozialdemokrazia defendituko duen alderdi bat egotea.