AEBetako goi mailako ordezkaritza bat elkartu da, orduetan, Turkiako Gobernuko goi mailako ordezkaritza batekin, ostegun honetan, Ankaran. Eta akordio batekin atera dira bileratik.
Turkiak onartu du bost egunez, 120 orduz, Siriako Kurdistanen inbasioa etetea, baina baldintza nagusi batekin: milizia kurduek erretiratu egin beharko dute mugatik 32 kilometro atzerago, eta Turkiako mugaren ondoan sortuko den «segurtasun eremu» horren kargu egingo da Ankara.
AEBek erraztu egingo dute prozesu hori. Eta, trukean, ez dituzte ezarriko Turkiako zenbait agintariren kontra aste honetan bertan iragarri dituzten zigor ekonomikoak.
Mike Pence AEBetako presidenteordeak eman du akordioaren berri, eta, handik gutxira, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizio militarrak adierazi du menia onartu duela —kurduak dira gehiengo horren barruan; SDFk kontrolatu du Rojava azkeneko urteotan—. Su-etena Euskal Herrian osteguneko 21:00ak inguru zirenean sartu da indarrean, eta Rojavako zenbait hiritan herritarrak ospatzera atera dira kalera.
Su-etena indarrean da beraz, baina haren ezarpenari buruzkoak dira zalantzan orain. Ostiral goizaldean Ras al-Ain (Sere Kaniye, kurdueraz) aldean borroka hotsak aditu dira, eta SDFk salatu Turkiak ez duela menia errespetatu hiri horretan.
«Segurtasun eremua», Turkiaren esku
AEBek eta Turkiak hamahiru puntuko akordio bat egin dute. Horien arabera, NATOko kide gisa elkar aitortu eta elkar laguntzeko gogoa agertu dute, Siriaren lurralde batasuna aitortu dute, zibilak eta gutxiengo erlijiosoak babesteko konpromisoa hartu dute, eta Estatu Islamikoaren (EI) aurka koordinatuta aritzeko konpromisoa hartu dute —azkeneko egunetan, Rojavako kurduek salatu dute turkiarrak EIko presoei ihes egiten laguntzen aritu direla inbasioan—.
Baina itunaren puntu gogorrena Rojavak Turkiarekin duen mugaren kontrolari buruzkoa da. Turkiak hilaren 9an hasi zituen erasoak, «segurtasun eremu bat» sortzeko helburuarekin. Turkiaren eta Rojavaren arteko mugan, 480 kilometro luze eta 32 kilometro zabal den eremu bat bere esku hartu nahi du Erdoganek. YPG/YPJ milizia kurduak talde terroristatzat eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren kidekotzat jotzen ditu, eta haiek mugatik aldendu nahi ditu Turkiako presidenteak. Horrekin batera, hustutako eremu horretan iheslari siriarrak jarri nahi ditu bizitzen —Turkiak 3,5 milioi inguru hartu ditu urteotan—.
«Lortu nahi genuen guztia lortu dugu», adierazi du Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak. Su-etenetako akordioarekin aseta agertu da. Bakearen Iturria operazioa —izen hori eman dio Turkiak— segurtasun eremu bat sortzeko abiatu zuten, eta hori da AEBek orain eskaini diotena. «Horrek esan nahi du AEBek gure operazioen eta asmoen zilegitasuna onartu dutela».
Eta ñabardura bat egin dio Penceri: ez da gerra geldiarazteko agindu bat, ez da su-eten bat, baizik eta «pausaldi» bat, eten bat, kurduek eremu hori utzi dezaten errazteko egingo dutena. Akordioa aurkezteko bere hiztegia erabiltzen ari da alde bakoitza.
YPG/YPJren arma astunak suntsitzea
YPG/YPJko milizia kurduek beren arma astun guztiak suntsituko dituztela eta borroka postuak erabat desegingo dituztela jasotzen du AEBek eta Turkiak adostutako itunaren bederatzigarren puntuak. AEBek arduratu beharko lukete horretaz eta kurduek mugako inguruak uzteaz. Eta Turkiak bere eskuetan hartuko du «segurtasun eremuaren» kontrola.
Akordioak ez dio zirrikitu handirik utzi SDFko eta YPG/YPJko indarrei, baina onartu egin dute. Mazlum Abdi SDFren komandateak, ordea, ñabardura asko egin dizkio, eta ikusteko dago su-etenaren inguruko adostasunak noiz arte iraungo duen.
Izan ere, SDFk adierazi du Tal Abyad eta Ras al-Ain hiriei soilik dagokiela akordioak. «Akordioak ez ditu biltzen Siria iparraldeko gainerako eremuak; geroago eztabaidatuko da horretaz». Ikusteko dago turkiarrek modu berean ulertuko ote dituzten SDFren buruak egindako adierazpenak, Turkiak beste eremu horiek utzi ezean ez dutela su-etena onartuko adierazi baitu.
Tal Abyad turkiarren esku dago gaur egun, eta haren inguruko herri asko bereganatu dituzte turkiarrek babestutako milizia jihadistek. Ras al-Ain, berriz, SDFko indarren esku egon da azkeneko orduetan, baina turkiarrek ere beren esku hartu zuten aste hasieran, eta atzo berriz hiria inguratua zuten. Bi hiri horietan izan dira inbasioko eraso eta bonbardaketa gogorrenak, eta ordu honetan ez dago borrokak gelditu diren segurantzarik.
SDFren baldintzak
Gehiago ere esan du Abdi komandanteak, ordea: «Eremuak ez du aldatu behar, eta Turkiak gure lurra okupatzeko duen helburua ere ez da gauzatu behar. Eremuaren demografia ez da aldatu behar». Erdoganek eremu horretara errefuxiatu siriarrak igortzeko azaldutako asmoari erantzun dio horrela. «SDFko soldaduen —kurduen, arabiarren, kristau asiriarren— borroka heroikoaren emaitza da su-eten hau», erantsi du.
Salih Muslim Batasun Demokratikoaren Alderdiko (PYD) kopresidenteak ere ñabardurak jarri nahi izan ditu: «Ondo hartu dugu su-etena, baina gure burua defendatuko dugu erasotzen bagaituzte. Su-etena gauza bat da, eta errenditzea beste bat». YPG/YPJ kurduen adar politikoa da PYD.
Donald Trump AEBetako presidenteak ez du zuzenean esku hartu negoziazioan. Texasen zen akordioaren berria iritsi zaionean. «Egun handia da AEBentzat. Egun handia da Turkiarentzat. Egun handia da kurduentzat. Egun handia da zibilizazioarentzat. Denok pozik egoteko moduko egoera bat da».
Urriaren 6an, Trumpek Rojavaren inbasiorako atea ireki zion Erdogani, telefono dei batean. Geroztik alde guztietatik kritikak entzun behar izan ditu Trumpek, eta nolabait bere jarrera zuzenduarazi diote, baina era guztietako adierazpen nahasiak egin ditu.
Kontu da, AEBek «traizionatu» egin dituztela sentituta, SDFko indarrak Siriara eta Errusiara begira jarri direla azken egunetan. Eta Baxar al-Asadek eta Vladimir Putinek ere beren kartak jokatu dituzte.
Siria eta Errusia ere miran
Joan den igandean, Siriako Gobernuak eta SDFk iragarri zuten akordio bat egin zutela, muga babesteko. Harrezkero, Siriako Armada Arabiarra —Al-Asadek gidatzen duena— hedatzen joan da Rojavako zenbait hiritan, eta kurduekin batera ere borrokatu dira puntu batzuetan, turkiarren inbasioaren kontra. Errusiako polizia militarra ere hedatu da Manbijen, adibidez.
Hortaz, ikustekoa izango da Siriako eta Errusiako gobernuek nola hartuko duten AEBen eta Turkiaren arteko akordio berri hau, eta SDFk harekiko hartu duen jokabidea. Ostegunean, su-etenaren berri izan eta berehala, Siriako Gobernuko ordezkari batek adierazi du ez dutela onartuko Irakeko Kurdistanek daukan autonomia ereduaren antzekorik beren lurraldeko kurduentzat.
Putinek, bitartean, bere aukeren eta momentuaren zain jarraitzen du. Asteartean, orain adostutako su-etena bukatzeko egunean, Erdogan Sotxira (Errusia) joatekoa da, Putin presidentearekin elkartzeko. Putinek ere eskaintza egina zion Turkiari, YPG/YPJren miliziak mugatik atzera bidaltzeko. Momentuz ez du beste hitzik egin; su-etenaren berri jakin eta gero, Kremlinek adierazi du akordioaren xehetasunak aztertu behar dituela orain.
300.000 iheslari
Urriaren 9an hasi zuen inbasioa Turkiak. Harrezkero 300.000 herritar inguruk utzi dituzte beren etxeak. Osasun zerbitzuek arazo handiak izan dituzte azkeneko orduetan. Mugarik Gabeko Medikuen elkarteak asteazkenean eremua utzi zuen, ezin zuelako bere langileen segurtasuna bermatu. Eskualdean, Ilargi Erdi Gorri Kurdua bakarrik ari da arreta ematen zaurituei. Gaur bertan, su-etena indarrean sartu baino minutu batzuk lehenago, Ras al-Aineko ospitalea bonbardatu dute indar turkiarrek, SDFk salatu duenez. Al Malikiya inguruan ere bonbardaketak egiten aritu da Turkia.