Astelehenean helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen, eta jada eman du pausoa: bere hautagaitza baliogabetu zion batzordearen aurrean jarri du errekurtsoa. Maiorga Ramirezen arabera, "itxaropenaren errekurtsoa" da berea, eta aldarrikatu du Eusko Alkartasunako afiliatuen gehiengo handi bat krisiari irtenbide bat ematearen aldekoa dela.
Astelehen arratsean Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak atzera bota zituen Ramirezen eta Juan Luis Cristobalen hautagaitzak. Ramirezen kasuan, argudiatu zuen lurralde bakoitzean gutxienez bost abal aurkezteko helburua ez zuela bete, eta aurkeztutako abalen artean 21 irregularrak direla. Modu horretan, uneotan Eva Blanco da idazkari nagusi izateko hautagai bakarra.
Ramirezek adierazi du erabaki hori "erabat kaltegarria eta tristea" dela, alderdian uneotan mahai gainean diren bi ereduen artean hautatzeko eskubidea ukatzen zaielako EAko afiliatuei.
Bihar BERRIAk elkarrizketa argitaratuko du.