Espetxeratuen idatzia

"Ez da justizia: mendekua da"

Idatzi bateratu bat egin dute Kataluniako buruzagi espetxeratuek, beren kontrako epaia salatu eta herritarrak mobilizatzera deitzeko.

Buruzagi subiranistak, euren aurkako epaiketako une batean. EFE
Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuak
2019ko urriaren 15a
11:23
Entzun

Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzian zigortutako buruzagiek idatzi bateratu bat kaleratu zuten atzo, epaia gaitzesteko eta herritarrei mobilizazioekin jarraitzeko eskatzeko. Hemen idatzia, osorik.

"Ez da justiziarik egin. Estatu demokratiko eta zuzenbide estatu baten auzibidezko bermeak errespetatu ez dituen instrukzio baten bururatzea da epaia. Justizia bilatu ez duen prozesu bat. Estatuak mendekua eta zigorra bilatzen ditu. Independetismoaren aurkako prozesuak izan dituen hutsuneak agerian uzten ditu behin-behineko espetxealdiaren erabilerak eta abusuak, fiskaltzaren akusazio idatziek, Guardia Zibilaren sormenezko txostenek eta gu epaitzen ari ziren auzitegien erabakiak aurreikusten zituzten Espainiako buruzagi politikoen adierazpenek. Gure bitartez zentzarazi nahi dituzte azken urteetan eta modu baketsuan autodeterminazio eskubidea defendatu duten eta independentziaren alde mobilizatu diren milioika pertsonak.

Frogatu da matxinadagatiko auzipetzea oso pentsatuta zegoela herritarrek hautetsontzietan erakutsitako borondatea bahitzeko. Demokraziaz ari garela, oso larria da milioika katalanen ahotsak isilaraztea hautetsontzien bidez aukeratutako haien ordezkariak kargugabetuz.

Harro gaude autodeterminazio erreferenduma bultzatu eta antolatu genuelako. Eta Kataluniako gizarte osoa gonbidatzen dugu harro senti dadin urriaren 1ean izandako jarreragatik eta egun hartan eta ondorengoetan erakutsitako duintasunagatik.

Berresten dugu gure etorkizunaren gaineko erabakia herrialde honetako herritarrei soilik dagokien ustea. Katalunia bidezko eta aske bat bultzatzeko gure uste sendoa bat dator gure uste demokratiko eta baketsuarekin. Horregatik, Lledonersetik, Puig de les Bassestik eta Mas d'Enricetik, publikoki berritu nahi dugu demokraziarekiko gure konpromisoa, gure herriaren etorkizuna uste osoz eta erabakitasunez defendatzen jarraitzeko. Kataluniako errepublika independentearen aldekoa da apustua.  Baina demokratak gara independentistak baino lehenago, eta, horregatik, inoiz ez diogu uko egingo Kataluniako gizon-emakumeek herriaren etorkizun politikoa hautetsontzietan eta askatasunez erabakitzeari.

Bizi dugun auzi politikoa ez da berria, aspalditik dator, eta ohartzen gara gu beste koska bat garela gure herriaren askatasunerako bidean. Omendu egin nahi ditugu hainbat gizon-emakume euren onena Kataluniaren askatasunaren alde eman dutenak, guk ordezkatzen dugun kausa beragatik eta gureak baino baldintza okerragoetan. Bereziki gogoratu eta ohoratu nahi dugu Lluis Companys presidentea, 1934. urtean epaitua eta zigortua izan zena, garai hartan Auzitegi Gorenaren parekoa zen epaitegi batean, eta 1940ko urriaren 15ean hil zutena —bihar [gaur] 79 urte— Espainiako beste epaitegi baten erabakiz.  

Autodeterminazio eskubidea defendatzeagatik eta modu bidegabean ehun urteko espetxealdira zigortzen gaituen epai hori ez da oztopo elkarrizketarekiko gure konpromisoa adierazi eta gatazka bide demokratikoetatik konpontzearen aldeko apustua berritzeko, aurkakoa baizik.

Azken urteetan erakutsitako duintasunari eustekoeskatzen diegu herritarrei, ez dezatela gal haserretzeko eta erabaki bidegabeen aurka egiteko ahalmena, eta, batez ere, euts diezaiotela autodeterminazio eskubidea baliatuz etorkizun justu eta aske bat lortzeko itxaropenari.

Kalera irten eta gure ahotsa bazter guztietan entzunaraztera deitzen dugu, sendo, erakutsi ahal dugun ausardia guztiarekin eta indarkeriarik ezaren oinarriekin erabat bat eginez. Saihets ditzagun probokazioak eta gezurta ditzagun egitateen bidez inoiz babestu ez ditugun eta babestuko ez ditugun indarkeriazko ekintzekin nahastu nahi gaituztenak.

Hainbeste jenderengandik jaso dugu babesarekin, etorkizun hobea, gizarte bidezkoagoa eta askeagoa nahi duen jendeari eskerrak emanez, eta maitasun eta konplizitatez lagundu gaituzten familiez eta lagunez bereziki oroituz, esaten dizuegu lortuko dugula!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.