Gerra komertziala

EBri muga zergak jartzeko baimendu ditu AEB Merkataritza Erakundeak

Bruselak esan du "azken unera arte" presio egiten jarraituko duela, AEBek "izoztu" ditzaten aeronautika sektorearen eta janari-edarien esportazioei eragingo dieten muga-zergak

Donald Trump, joan den asteko ekitaldi batean. PETE MAROVICH / POOL
xabier martin
2019ko urriaren 14a
14:40
Entzun

Europako Merkaritza komisario Cecilia Malmstronen ustez, "ez da ezer aldatu" gaur Munduko Merkataritza Erakundeak AEB baimendu dituela eta, Europari ezarri nahi dizkion muga-zergak jartzeko. Europako Batasunak "azken unera arte" presio egiten jarraituko duela adierazi du, Washingtonekin akordio bat lor dadin, eta haren bidez, ostiral honetan indarrean sartzekoak diren zerga bereziak "izoztu" daitezen.

Airbusi legez kanpoko laguntzak emategatik zigortu nahi ditu Etxe Zuriak Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua, eta ardoari ere jarriko dioten %25eko zerga bereziak bete-betean harrapatu ditu euskal ardogileak, txakolinarekin eta batez ere Arabako Errioxakoarekin aritzen direnak. Jaurlaritzak 7,6 milioi euroko eragina aurreikusi du.

Munduko Merkataritza Erakundeak tramiteko bilera egin du Genevan (Suitza), eta espero zen bezala, Washingtonek baimen ofiziala dauka Europarekin gerra komertziala gaiztotzeko muga-zergen bidez. Kontua ez da hain erraza, ordea, Etxe Zuriarentzat, Bruselak argi utzi baitu erantzun egingo duela, eta hark ere muga-zergak jarriko dizkiela AEBetako produktu batzuen inportazioei.

Malmstronek gutun bat igorri dio Robert Lightizer AEBen Komertzio arduradunari esateko "hobe dela esertzea eta irtenbide bat aurkitzea", muga zerga berri horiek ekonomiari eragingo diotelako, kontsumitzaileei, eta enpresei, "Atlantikoaren bi aldeetara". "Hori da bidali dugun mezua, eta orain arte ez du emaitzarik eman", esan du komisarioak. Malmstronek egintzat jo du AEBek muga-zergak indarrean jartzen badituzte ostiral honetan, Bruselak 28 kideen merkataritza arduradunak elkartuko dituela eraso horri nola erantzun aztertzeko.

Europaren erantzuna

MMEk 6.793 milioi euroko muga zergak ezartzeko baimen ofiziala eman dio Washingtoni. Ostiral arte dauka Batasunak AEBei luzapen bat ateratzeko. Bruselaren muniziorik onena da Munduko Merkataritza Erakundean AEBen aurka jarrita daukan salaketa bat. Europan uste dute AEBetako administrazioak ere legez kanpoko laguntzak eman dizkiola Boeing konpainiari, eta hilabete gutxian espero da MMMk urraketa hori berrestea.

Horrek EB baimenduko luke Trumpen herrialdeko produktuak modu berezian zergapetzeko. Joan den apirilean Bruselak produktu zerrenda bat aurkeztu zuen muga zergak jasotzeko hautagaiekin. Zerrenda horrek 18.000 milioi euroko eragina zuen, eta besteak beste, kepchupa, arrain izoztua, fruituak eta hegazkinak zueden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.