Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz ere, Altsasuko auzian kartzelan dauden zazpi gazteek preso segitu beharko dute, espetxe zigor urteak jaitsi dizkieten arren. Irailaren 18an izan zen Goreneko auzi saioa, Auzitegi Nazionalaren epaiaren aurka defentsak aurkeztutako helegitea aztertzeko, eta gaur atera du sententzia.
Zazpi laguni hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko kartzela zigorra ezarri die. Beste zigortu bati, zortzigarrenari —Ainara Urkijori—, bi urteko espetxea murriztu egin dio zerbait, baina lehen ere ez zegoen preso. Gorenak azaldu duenez, zigorrak murriztearen arrazoia izan da ez dietela ezarri ideologiagatiko astungarririk, eta, agintearen aurkako erasoaren kasuan, ez dute gehiegikeria zantzurik ikusi. Horrez gain, akusatuetako biri bertan behera utzi dizkiete lesio delituengatiko zigorrak, frogarik ez zegoelako.
Auzitegiaren iritziz, badira biktimei eragindako "lesio fisiko eta psikologikoen froga nahikoak", akusatuak segurtasun indarren aurkako delituengatik, lesioengatik eta desordena publiko eta mehatxu delituengatik zigortzeko.
Honako hauek dira Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako zigorrak:
- Ohian Arnanz: 9 urte eta erdiko kartzela zigorra. Egotzitako delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua, nagusitasunez hiru lesio eragitea eta desordena publikoa. Auzitegi Nazionalak 13 urteko kartzela ezarri zion.
- Jokin Unamuno eta Adur Ramírez de Alda: 8 urte eta erdi bakoitzari. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez hiru lesio eragitea. Auzitegi Nazionalak 12na urteko kartzela ezarri zien.
- Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea: 7 urte eta erdi bakoitzari. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez lesioak eragitea. Auzitegi Nazionalak 9na urteko kartzela ezarri zien.
- Aratz Urrizola: 4 urte eta bi hilabete. Delituak: Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez lesio bat eragitea. Auzitegi Nazionalak 9 urteko kartzela ezarri zion.
- Iñaki Abad: 3 urte eta erdi. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta desordenu publikoak. Auzitegi Nazionalak 6 urteko kartzela ezarri zion.
- Ainara Urkijo: Urte eta erdi. Delitua: desordena publikoak. Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela ezarri zion.
Gaur kaleratu berri duen epaiak 449 orrialde ditu. Gorenaren arabera, "nahikoa froga" egon dira auzipetuek guardia zibilei eta euren bikotekideei eraso egin zietela eta lesio fisikoak zein psikologikoak eragin zizkietela erakusteko. Hala, agintaritzari eraso egitea, lesioak eragitea edo desordena publikoa eragitea, delitu horiek egin izana egotzi die Gorenak. Dena den, Aratz Urrizola eta Iñaki Abaden kasuan lesioak eragitea delitua kendu egin die, eta euren zigorra are gehiago jaitsi da.
Halaber, Auzitegi Nazionalaren aurreko bi epaitan diskriminazio larrigarria ezarri zien gazteei, eta Gorenak larrigarri hori kentzea hobetsi du. Dena den, bi magistratuk boto partikular bidez diskriminazio larrigarriari eustearen alde egin dute.
2016ko urriaren 15eko goizaldean izan ziren gertaerak, Altsasuko Koxka tabernan zein haren inguruetan. Covitek salaketa jarri eta terrorismo delitua egotzita instrukzio fasea Auzitegi Nazionalako Carmen Lamelak hartu zuen bere gain. Terrorismo delitua egoztea funtsezkoa izan zen auzi hura Nafarroan ikertua izan ez zedin. Epaiketa, berriz, iazko apirilean izan zen, eta Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehen aretoak atzera bota zuen terrorismoaren delitua, baina guztira 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien gazteei.