Bizi guztiko kartzela zigorra du Frederic Haranburu Xistor euskal presoak, eta 30 urte bete ditu kartzelan, nahiz eta 2008tik baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera duen. Azken galdea joan den uztailean aztertu zuen Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, eta euskal presoa askatzearen alde egin zuen, baina Fiskaltzak erabakiari helegitea ezarri zion berehala, eta preso atxiki zuten, Dei Auzitegiak helegitea aztertu bitartean. Fiskaltzak ez bezala, Lannemezango (Okzitania) kartzelako zuzendariak Haranburu aske uztearen aldeko iritzia azaldu zuen —han dago preso—. Joan den irailaren 5ean aztertu zuten helegitea, eta gaur eman diote erantzuna: baldintzapeko askatasun eskaera onartzeari uko egin dio epaileak, Haranburu askatzeak ordena publikoa "azkarki trabatuko" lukeela, eta ETAk jarduera armatua berriz hartuko balu "arrisku bat" litzatekeela kontsideratuta.
Bake Bideak "eskandalutzat" jo du erabakia eta hura salatzeko, gaur 19:00etan Senpereko herriko etxearen aitzinean elkarretaratzea egin dute 120 lagun inguruk.
Haserre mintzatu da Maritxu Paulus Basurko Haranbururen abokatua: "beste garai bateko erabaki baten aurrean gara", salatu du. "Gaur egun nola erran dezakegu badela arriskua ETAk borroka armatua hartzeko eta nire bezeroa berriz horretan sartzeko. 65 urte ditu, osasun arazo larriak ditu. Nola hori aurreratu halako argumentuak inolako justifikaziorik gabe?". Paulus Basurkoren hitzetan, argumentu orokorrak baizik ez ditu ekarri epaileak, aitzinetik prokuradoreak emandako berak. "Ez dio nik aurkeztutako dosierrari erantzuten. Bere proiektua, garantiak, bere alde mintzatzen ziren jendeak... sekulako elementuak genituen, eta erabat baztertuak izan dira. Bi urteko prozeduraren ondoren datorren erabakia da. Lehena baikorra izan zen -uztailaren 5ean Haranburu askatzearen alde egin zuen epaileak-, esperantzak sortu zituen, eta orain ezezkoa". Mina eta dezepzioa aipatu ditu abokatuak.
Gaur gaurkoz Kasazio Auzitegira jotzeko aukerak aztertzen ari direla azaldu du Paulus Basurcok; beste aukera prozedura berriz hastea litzateke. "Gaur egun ez da horretan, ez du indarrik". Prozedura "luze eta pisuak" direla ohartarazi du: "eskaera egin ahal izateko batzorde baten oniritzia behar du, horretarako, presoari egonaldi bat eginarazten diote zentro berezi batean -Frantzian hiru zentro baizik ez daude-. Sei astez joaten dira, eta han hainbat aditurekin elkartzen dira, hainbat txosten egiteko haien egoeraren inguruan. Prozedura luze eta pisuak dira, presoaren egaiamendu handia eskatzen dutenak". Beste aukera zigorren kommutazioarena litzateke: bizi osorako zigorra 30 urtera ekartzea, zigor hori izanen zuketelako Espainian zigortuak izan balira. Frantziako presidenteak hartu beharko lukeen erabaki bat da. Prozedura abiatua dute, baina gaur gaurkoz, oraindik ez dute baiezkorik izan.
Fiskaltza antiterrorista
Anaiz Funosas Bake Bideako presidentearen iritziz, fiskaltza nagusia eta berriki sortu duten fiskaltza antiterrorista "harresia" dira presoen auzia konpontzeko bidean. Hala nabarmendu zuen joan den astean, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Justizia Ministerioak bi urtean izan dituzten elkarrizketen balorazioa egiteko agerraldian. "Ez dute nahi kontsideratu Euskal Herrian egindako bide guzia, eta ez dute onartu nahi bide horretan ekarpena egitea". Zigorren aplikaziorako Dei Auzitegia ere jomugan jarri zuen, orain arte, ez baitu baldintzapean aske uzteko eskaera bakar bat ere onartu. Urriaren 15ean, Lorentxa Beirieren baldintzapeko askatasun galdeari erantzungo dio.