Aldi bati amaiera jartzeko eta beste bati hasiera emateko festa da gaurkoa Zarautzen (Gipuzkoa). Kilometroak jaiak azkenekoz jarraituko dio orain arteko ereduari, eta, datorren urtetik aurrera, jaia berrasmatuko du. Hala, datorren urtean Villabonan (Gipuzkoa) egingo den jaia txikiagoa izango da, parte hartzeari bideratua, eta Gipuzkoako ikastolen aldeko festak aldarrikapen kutsua berreskuratuko du.
Aldaketa horrek berezia egin du aurtengo Kilometroak, eta hori nabarmendu du Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak irekiera ekitaldian. Hezkuntza lege berri baten proiektuari buruz ere mintzatu da, eta "herri gisa" pentsatutako lege bat adostea eskatu du. Artolaren iritziz, beharrezkoa da haur etorkinak hartzeko sistema berri bat eratzea ere.
Hala, eskerrak eman dizkie Kilometroak jaiaren 42 urteko ibilbidea posible egin duten kolaboratzaile, antolatzaile, boluntario, eragile eta herritarrei. "Guztiengandik ikasitakoa etorkizunera begira jarriko dugu", adierazi du Artolak.
Irekiera ekitaldian parte hartu dute erakunde publikoetako hainbat ordezkarik ere: Bakartxo Ruiz Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Uriartek ere hezkuntza legea izan du hizpide. Haren esanetan, beharrezkoa da gizartearen "aldaketa teknologiko eta metodologikoetara" moldatzea, baita gizartearen aniztasunera ere. Horregatik, ezinbestekotzat jo du hezkuntza sistema "gaurkotzen eta eraldatzen jarraitzea, hezkuntza lege berri baten bidez".
Lan hori "guztion ardura" dela nabarmendu du. Uriartek gaineratu du Jaurlaritza hasia dela bide hori egiten "eragile askoren babesarekin". Sailburuaren iritziz, "Euskadik datozen urteetarako lege berri bat merezi du", "gaurkotua eta indartua".
Markel Olanok, berriz, Gipuzkoako ikastolei egindako lana eskertzeko baliatu du bere hitzaldia, eta garrantzia aitortu die egin duten ibilbideari.