Euskara

Txibite: "Hogei urteotako hizkuntz politika indargabetzen ari dira"

Nafarroako Gobernuko presidenteak ez du erabat baztertzen auzitegien epaiaren aurkako helegitea aurkeztea, baina nabarmendu du aurrez ebazpenaren "ondorio teknikoak" aztertu behar dituztela. UGTk dio aztertu egingo dutela amaitutako deialdi publikoak berrikusi edo ez.

Maria Txibite presidentea, Nafarroako Parlamentuan, artxiboko argazki batean. IñIGO URIZ, FOKU
Arantxa Elizegi Egilegor - Joxerra Senar
2019ko urriaren 3a
12:58
Entzun

Nafarroako Gobernuko presidenteak hitz egin du azkenean. Auzitegi Nagusiak aste honetan hartutako erabakiek hautsak harrotu dituzte lurraldean, baina gobernua isilik egon da gaur artean. Maria Txibite gobernuburu sozialistak nabarmendu du epaitegien erabakiak indargabetu egingo duela azken hogei urteotako hizkuntza politika. "Ez ditu soilik indargabetzen dekretu honetako artikulu jakin batzuk, baita UPNko gobernuek hartutako erabakiak ere, eta zalantzan jar ditzake beste hizkuntza batzuen merituak ere".

Aste honetan bertan Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epaiak eragina izango du hiru esparru nagusitan: batetik, eremu misto eta ez-euskalduneko lan deialdietan; bestetik, zerbitzu zentralen jardunean; eta, azkenik, paisaia linguistikoan eta seinaleetan. 2017ko dekretuak agintzen zuen, besteak beste, euskara meritu gisa aintzat hartu behar zela eremu ez-euskaldunean eta mistoan. Aurrerantzean, berriz, euskara meritutzat jo edo ez deialdi bakoitzean erabaki beharko dela dio auzitegiak.

Kezka agertu du Txibitek, baina ez euskararen aurka jo dutelako, hura meritu gisa onartu zitzaien langileen etorkizunari buruz baizik. "Mahai gainean ditugu indarrean dauden lan deialdi publikoak, eta mila pertsonari baino gehiagori eragin diezaioke erabakiak. Gobernuak bermatu behar du juridikoki zuzenak direla deialdi horiek".

"Goizegi" iritzi dio buruzagi sozialistak helegitea jarri edo ez erabakitzeko, eta horren aurretik epaiaren "ondorio teknikoak" aztertu behar dituztela zehaztu du. Hilabeteko epea jarri dio Nafarroako Gobernuak bere buruari, epaiaren eragina nondik norakoa izango den argitzeko. "Argi dagoena da dekretu berri bat behar dugula", baina onartu ere egin du hizkuntz politikari dagokionez Geroa Baik eta PSNk ez dituztela irizpide berdinak.

Azken 20 urteak, "zalantzan"

Ildo beretik jo du Geroa Baiko Uxue Barkosek. Bere irudiko, azken hogei urteotan administrazioak lehiaketa politikoetan erabilitako prozedura zalantzan jartzeaz gain, 2003tik honako prozedura guztiak "bertan behera utz ditzake". Barkosek ondorioztatu duenez, zona mistoaren eta ez-euskaldunaren arteko nondik norako zehatzak zalantzan jartzen dituelako. "Euskararaen Legean bertan atzerapauso bat dakarrela uste dugu".

Geroa Baiko eledunaren irudiko, herritar batzuen eskubideak urratu ditu Auzitegi Nagusiaren epaiak, ez baitu zalantzan jartzen beste hizkuntza batzuen ezagutza —hala nola, ingelesa, frantsesa edo alemana—, eta, aldiz, "ezin da lehiaketetan euskara meritutzat onartu". Barkosen irudiko, "hutsune legal" bat eragin du jada 2018tik abian ziren lehiaketa publikoen prozeduretan. "Ea nola bermatzen dugun pertsona horien segurtasun juridikoa".

Barkosen ustez, euskararen inguruko araudiaren garapenean eta deialdietan euskara meritutzat hartzean jarri beharko litzateke azpimarra. Arrazoitu du gobernuak segurtasun juridikoa bermatzeari erreparatu behar diola, eta, horregatik, kasazio helegitea aurkeztera deitu du. Nahiz eta Txibitek esan duen ez duela baztertzen aukera hori, Barkosek aipatu du PSNk ez duela nahi halakorik.

Azkenik, Navarra Sumakoen jarrera gaitzetsi du Geroa Baiko bozeramaileak. Ez du ulertzen zergatik ari diren erabakiagatik txaloka: "Epai honekin, UPNko gobernuek erredaktatutako dekretuak eta prozedurak baliogabetuak geratuko lirateke, eta, halaber, segurtasun eza areagotu daiteke baldin eta etzi inork helegitea jartzen badu deialdi batean alemana, frantsesa edo ingelesa meritutzat har daitekeela esanez".

UGTren arabera, "epai irmoa"

UGT sindikatuak aurkeztu zuen euskararen dekretuaren aurkako helegitea, eta gaur Auzitegi Nagusiaren epaiaren inguruko balorazioa egin du. Sindikatuaren arabera, "epaia irmoa eta argia" da, eta Nafarroako Gobernuak ez luke kasazio helegiterik aurkeztu behar. "Ez luke helegitea jarri behar helegitea jartzeagatik". Abokatu gisa helegitea defenditu duen Jose Javier Lizarbe PSNko idazkari nagusi ohiaren arabera, "ez du aukera bakar bat ere". "Justiziak hitz egin du, eta erabaki. Arrazoi eman digute puntu batzuetan, eta besteetan ez".

Euskararen dekretua 2017tik ezartzen denez, ordutik honako hiru lehiaketa publikoei bete-betean eragin diezaieke epaiak, eta 1.500 lanpostu kolokan gera daitezke, baldin eta eragileren batek berrikusteko eskatuz gero. UGTk, adibidez, ez du baztertzen aukera hori. Gaur sindikatuak baieztatu du aukera hori aztertzen ari direla.

UGTren arabera, Auzitegi Nagusiak arrazoi eman die, "neurrigabekotzat" jo du dekretuak administrazioko lanpostuetarako ezarritako baldintzak, "ez dutelako bat egiten lanpostuaren ezaugarriekin, haren funtzioekin, komunikazio eskaerekin eta zona horretako errealitate soziolinguistikoarekin".

Jesus Elizalde UGTko ordezkariaren esanetan, euskararen dekretuak "zama ideologiko handia" du, ez duelako aintzat hartzen "ez Nafarroako errealitate soziolinguistikoa, ez eta profil elebidunak eta merituak zehazteko eskaera komunikatiboa  ere". Elizalderen arabera, aurreko gobernuaren hizkuntz eredua  "guztiz kaltegarria da nafarren gehiengo handi batentzat, bateratzen saiatu baitira administrazioan sartzeko nafar guztion aukeren berdintasuna eta euskaraz arreta jasotzeko eskubidea".

Hori esanda, UGTk dio euskara hizkuntza propio gisa sustatzea eta babestearen alde daudela: "Baina argi dugu ezin dela edozein preziotan egin, edozeren gainetik". Halaber, Begoña de Frutos helegitea jarri duen SPA sindikatuko ordezkariak ez du onartzen eurak euskararen kontra daudela leporatzea. "Ezin dugu onartu sektore nazionalistek leporatzea euskararen aurka gaudela edo epaiak Nafarroari kalte egiten diola. Inork ez dio euskarari eraso egin, funtzio publikorako sarbideaz ari gara, ez du zerikusirik euskararen sustapenarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.