Gimenok Skolae programarekiko "konpromisoa" adierazi du

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak esan du Skolae hezkidetza programa ez dela "gelditu", eta aurrera jarraituko dutela bigarren fasearekin. Talde parlamentarioek adierazi dute programak hezkuntza sistemaren “ardatza” behar duela izan.

Nafarroako Gobernuan agerraldia egin du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2019ko urriaren 1a
14:40
Entzun

Gaur goizean egin du agerraldia Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak parlamentuan, EH Bilduk hala eskatuta. Skolae hezkidetza programarekiko "konpromisoa" adierazi du, nahiz eta egitasmoaren arduradunak kargugabetu egin zituen duela bi aste. Sailburuak esan du programak aurrera egingo duela ikasturte honetan. "Diru publikoarekin mantendutako ikastetxeetan Skolae ezartzea bermatuko dugu", gaineratu du kontseilariak. Jakinarazi duenez, ordea, segurtasun juridikoa gogoan izatea beharrezkoa da itunpeko ikastetxeetan ezarri ahal izateko.

Hain zuzen ere, 2019-2020ko ikasturtean, programaren bigarren fasea martxan da 89 ikastetxetan: 66 dira sare publikokoak, eta 23 itunpekoak. Horietatik 48 ikastetxek adierazi dute programan parte hartuko dutela. Gimenok nabarmendu du trebakuntza ere garrantzitsua dela: "Irakasleen formakuntza atzeratu den arren, berehala hasiko da, hautatutako ikastetxeekin hitz egiten aritu baikara orain arte".

Skolae, hezkidetzaren ardatza

Talde parlamentario gehienek bat egin dute Skolae hezkidetza programaren ezartzearekin, baina eskatu dute planifikazio zehatza beharrezkoa dela aurrera egiteko. "Hezkidetzak hezkuntza sistemaren erdiko zutabea behar du izan; horregatik, egonkortasuna eskatzen dugu", adierazi du Bakartxo Ruiz EH Bilduko kideak. Maria Solana Geroa Baiko legebiltzarkideak ere progama ezartzeko "bermea" eskatu du, baita itunpeko ikastetxeetan ere: "Horretarako segurtasun juridikoa behar da".

Areago, hezkidetza programa landu zuten profesionaletako bik Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu beharko dute urriaren 9an. Solanak dei egin dio Nafarroako Gobernuari epaituen alboan egoteko. Epaileak deitu ditu deklaratzera, programaren aurka egin duten familien abokatu batek hala eskatuta.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.