Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak EAJri ohartarazi dio ez uko egiteko EH Bildurekin EAEko estatutu politiko berriaren oinarriei buruz lortutako akordioari. Izan ere, Euskadi Irratiako elkarrizketa batean esan du "kezkaz" ikusten duela EAJ hartzen ari den jarrera, PSE-EE ere egitasmora batu dadin orain arte "adostutakoa beheratzen edo ezkutatzen" ari delakoan. "PSEk ukatu egiten du erabakitzeko eskubidea", esan du Sortuko idazkari nagusiak, eta eskubide hori ez jasotzea, haren esanetan, estatutu berriari "uko" egitea litzateke.
Rodriguezek adierazi du EH Bilduk ere nahi dituela aliatu gehiago estatutuaren akordioan, baina baldintza gisa jarri du erabakitzeko eskubidea jasotzea.
Kataluniako auzian EAJk daukan jarrera ere deitoratu du: "Gehiegitan izan dugun sentsazioa da EAJ hurbilago izan dela Madrildik, Espainiako Estatutik, Kataluniatik baino'. Haren iritziz, irudipen hori Katalunian ere hedatuta dago. Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko elkarlana eskatu du. "Espainiako Estatuak ez du bide demokratikoetarako borondaterik, baina soluzioa ez da autodeterminazio eskubideari uko egitea. Bi herriok bat egitea inoiz baino beharrezkoagoa da".
Uste du Kataluniako prozesuaren aurkako epaia "gogorra" izango dela, "zigor epaia" izango dela iritzita, eta hari erantzuteko deia egin du. "Epaiak erabakitze eskubideari prezio altua jarri nahiko dio, ez duelako nahi biharko egunean 2017ko urriaren 1aren antzekorik gertatzerik. Sententziari erantzun bat eman behar genioke Euskal Herrian ere".
Hala, Sortuk elkarretaratzeetara deitu du gaurko, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.
🗳 Kataluniako erreferendumaren 2. urteurrena. Elkarretaratzeak hiriburuetan.
— SORTU #HERRItmoaBIZItu (@sortuEH) September 30, 2019
“Autodeterminazioa ez da delitua. Euskal Herria eta Katalunia elkarrekin bat”
ðŸ“ÂÂŒ Bilbo, Arriaga 20:00
ðŸ“ÂÂŒ Gasteiz, Andra Mari Zuriaren plaza 19:30
ðŸ“ÂÂŒ Donostia, Artzai Ona 19:00#GoraHerriapic.twitter.com/7YsYKqph1y