KATALUNIA

Adierazpen askatasunaren aldeko pankarta bat jarri dute Generalitateko balkoian

Presoei eta erbesteratuei erreferentzia egiten dien pankarta bat kendu dute ordu batzuk lehenago, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aginduz

Beste pankarta bat jarri dute.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 27a
19:25
Entzun

18:20 inguru zirenean jarri dute. Pankartak adierazpen askatasuna aldarrikatzen du, eta jartzen du Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. artikuluak bermatzen duela. Lluis Llach musikaria eta Silvia Bel aktorea zeuden zintzilikatu dutenean artean.

Aurrez zintzilik zegoen pankarta, presoen eta erbesteratuen aldekoa, Kataluniako Gobernuko bi langilek kendu dute 15:30ak pasatxo zirenean. Impulso Ciudadano elkarte unionistaren eskaerari erantzunez, pankarta kentzeko agindua eman zion auzitegiak Quim Torrari, joan den ostiralean. Baina Generalitateko presidenteak erantzun zuen ez zuela kentzeko asmorik, ez zuela horretarako agindurik emango.

Torrak, gainera, auzitegiaren erabakiaren kontrako helegitea jarri zuen auzitegian bertan, atzo. Baina auzitegiak erantzun dio ez dagoela lehengo astean hartutakoa erabakia bertan behera uzteko arrazoirik, hauteskunde garaia dela; eta horrenbestez, Kataluniako Polizia Autonomikoari eman dio agindua. Baina ez dute mossoek kendu, Generalitateko bi beharginek baizik.

Antzeko zerbait gertatu zen joan den martxoan, Torrak ez zuenean pankarta hori bera kendu Generalitateko balkoitik, hauteskunde batzordeak eskatu zionean. Auzitara eraman zuten horregatik, eta, desobedientzia leporatuta, azaroaren 18an epaituko du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak. Bi urtez inhabilitatu dezatela eskatzen du fiskaltzak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.