KATALUNIA

2017an Parlamentuko Mahaiko kide zirenen kontrako epaiketa azaroaren 19an hasiko da

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian epaituko dituzte, desobedientzia eta antolakuntza kriminala leporatuta

Auzipetuak, 2017ko azaroan Gorenean deklaratu zutenean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 27a
13:54
Entzun

Lluis Corominas, Anna Simo, Ramona Barrufet, Joan Josep Nuet eta Lluis Guino 2017ko irailean Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide zirenak epaituko dituzte. Urte hartako irailean deskonexio legeei buruzko eztabaidak ahalbidetu zituztela eta, Fiskaltzak eta Estatutako Abokatutzak desobedientzia eta antolakuntza kriminala egozten diete. Corominas, Guino, Simon eta Barrufetentzat 20 hilabeteko inhabilitazioa eta bakoitzari 30.000 euroko isuna jartzea eskatzen dute; Nueten kasuan, inhabilitazioa hamasei hilabetekoa izatea, eta isuna 24.000 eurokoa. Mireia Boya artean CUPeko diputatua zena ere epaituko dute delitu horiek beraiek leporatuta.

Hasieran Auzitegi Gorenak eraman zuen Mahaiko kide zirenen kontrako kausa, eta, ikerketapean zeudela, han deklaratu zuten, Pablo Llarena instrukzio epailearen aurrean, 2017ko azaroaren 9an. Baina aurtengo otsailean Kataluniako Justizia Auzitegiaren esku utzi zuen kausa estatuak.

Carme Forcadell zen Mahaiko presidentea, eta auzipetuekin batera deklaratu zuen duela ia bi urte. Azkenean, baina, buruzagi subiranisten kontrako kausan txertatu zuten haren auzia, eta, matxinada leporatuta, behin-behinean kartzelatuta dago iazko martxoaren 23tik. Bere defentsaren esanetan, ez litzateke hala izan beharko, Mahaiak era kolegiatuan hartzen baititu erabakiak.

Epaiketa 19tik 22ra egingo dute, eta saioak 09:00etatik 16:00etara izango dira. Quim Torra Generalitateko presidentea auzitegi berean epaituko dute, azaroaren 18an, hari ere desobedientzia egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.