Bost preso hil dira Zaballako espetxean (Araba) urtea hasi zenetik. Azkena larunbatean aurkitu zuten hilotz. Barne ikerketa bat martxan ipini du espetxeak zer jazo zitzaion argitzeko, eta zabaldu diren hainbat informazioren arabera, droga gaindosi baten ondorioz hil zen. Heriotzaren berri eman du espetxeetan diharduen funtzionario talde batek, sare sozial baten bidez. Berria-k albistea baieztatu egin du espetxean sartzen diren elkarteekin: astelehenean eman zien haiei espetxeko zuzendaritzak albistea. 50 urte inguruko gizonezko bat zela esan dute.
Urtarrilaren 17an gertatu zen lehena heriotza, otsailean bigarrena, apirilaren 1ean hirugarrena eta apirilaren 25ean laugarrena.
Gizonezko gazteak
Urte hasieratik zendutako preso gehienak ez ziren 30 urtera heltzen. Urtarrilean hil zenak 28 urte zituen, eta Bizkaian bizi zen. Funtzionarioek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz zendu zen. Salhaketak gogor kritikatu zuen hori, eta nabarmendu zuen espetxeko arduradunek aukera izan zutela heriotza hori eragozteko. Hain zuzen ere, hil zen gaztearen ziegan beste preso bat zegoen, eta kartzelan susmoa zegoen kideak droga jaso zuela. Gau horretan bi presoek gaindosia izan zuten, eta 28 urteko gaztea zendu zen.
Otsailean hil zen presoari buruzko informaziorik ez dago. Are, nahasketa baten ondorioz eman zuten Espainiako Espetxe Erakundeek heriotza horren berri: elkarte batek apirilaren 1eko heriotzari buruz galdetu zuen, eta otsaileko ezbeharraren datuak eman zizkioten. Salhaketak urte hasieratik kritikatu du espetxe barruko heriotzak isilarazteko «politika sistematiko bat» abiarazi izana. Elkarteak azaldu du orain zenbait urte Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak ematen zuela kartzelako heriotzen berri, hildako presoaren «oinarrizko datuekin», baina orain urte batzuk utzi zion informazioa emateari. Salhaketak adierazi du espetxean gertatzen diren hamar heriotzatik bakar baten berri soilik ematen duela administrazioak.
Otsaileko kasuan, presoak bere buruaz beste egin zuela ezagutarazi zuten Araba espetxeko iturriek. Argudio bera baliatu zuten apirilaren 1ean zendu zen gaztearekin: Jonathan Costillas Rituerto, 24 urtekoa, Gasteizko bizilaguna. Senideek administrazioaren partetik jasotako tratua salatu zuten. Besteak beste, bost egun pasatu ziren Costilla hil eta gorpua ikusi zuten arte. Halaber, azaldu zuten «arrotzak» gertatu zitzaizkiela heriotzaren nondik norakoak. «Arrarotzat» jo zuten aurretik alarma abisurik egon ez izana. Hori zela-eta, auzitara jo zuten, erantzukizunak argitzeko.