Nostalgiaren makineriak bete dituzte goraino Zabalak eta Garik egunotan Hertzainak taldearen kantekin eskainitako hiru kontzertuek. Ez nostalgiak soilik, baina nostalgiak nagusiki. Musika harekin lotutako bizipenak gogoratzeko asmoz joan zen jende gehiena Bilboko Kafe Antzokira aurreko astean, eta berdin atzo Euskalduna jauregira ere. Baina abestiak taldea sortu zuen une historikoaz harago doazela ere erakutsi nahi izan zuten musikariek bi ordutik gorako kontzertu zaindua eskainiz, eta euren aurreko eta euren osteko belaunaldietako musikari lagunak oholtzara gonbidatuta. "Aspaldi ez gara benetako Hertzainak", onartu zuen Zabalak kontzertuan, justu Hertzainak abestia jo aurretik, "baina, ala, goazen aurrera!".
Aretoa nolakoa, kontzertua ere halakoa. Ezinbestean, Euskalduna jauregian atzo eskainitako kontzertua baino beroago joan zen Garik eta Zabalak aurreko astean Kafe Antzokian emandakoa. Goraino beteta egon zen hura ere –500 pertsona inguru sartzen dira antzoki horretan–, eta, abesti ia berdin-berdinak eskaini arren, zuzenagoa izan zen hango emanaldia. Organikoagoa. Hurbilagoa. Eta, nahi bada, rockeroagoa. Eta biluztasun horri esker jaitsi ahal izan ziren publiko artera, adibidez, 564 abestia mikrofonorik gabe kantatzera. Ezin halakorik egin atzokoan, eta antzokiko saio haren aldean, musikalagoa izan zen Euskaldunakoa. Ñabarduretan aberatsagoa, eta itxura nabarmen jantziagokoa. Konponketa zainduagokoa. Soinu zehatzagokoa. Eta musikariek, kontzertu osoan, atzean izan zituzten Aitor Oñederra ilustratzailearen animazioak.
Aurrekoak eta ostekoak
"Lagun zaharren festa". Hala izendatu zuen atzoko saioa Zabalak, erdi brometan eta erdi serio. Izan ere, gonbidatu zerrenda luzea eduki zuten ondoan Hertzainak taldeko kide izandakoek: Ruper Ordorika, Platero y Tu taldeko Iñaki Uoho Anton, Joseba Agirre txistularia eta baita Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Jon Maia bertsolariak ere. Hertzainak sortu aurretik ere martxan ziren Oskorri taldeko Natxo de Felipe eta Bixente Martinez ere igo zituzten oholtzara, eta baita euren ostean heldutako belaunaldietako musikariak ere. WAS taldeko Jon Agirrezabalaga gitarrarekin aritu zen abesti batean, adibidez, eta Gorka Urbizu eta Miren Narbaiza musikariek abestu zuten Ispiluaren aurrean kanta.
Antzokian bezala, Euskaldunan ere tarteka aritu ziren Gari eta Zabala taldearen laguntzaz zein bakarka, eta Et Incarnatus orkestrako kideek lagundu zituzten sokekin abesti batzuetan. Aitormena ezagunean, esaterako. Eta izan zen memoriarako tarterik ere. Taldeak alboan izandako eta orain hilda dauden musikarien izenak izan zituen gogoan Garik, esaterako. Eta Euskalduna ontziolako gatazkak hartu zituen ahotan Zabalak Eutsi gogor abestia eskaini aurretik . "Guk Euskalduna ontziolan jo aurreko egunean egon ziren hainbat langile balaz zaurituta, eta bat hil egin zen bihotzekoak jota".
Eta, azkenean, zutik
Urduri antza zebilen jendea eserlekuetan. Auditoriumeko 2.164 eserlekuak beteta, eta publikoa pixka bat deseroso aulkietan egon beharrarekin. Musikarien keinurik txikienarekin hasten ziren txaloak, ordea, eta berehala zabaltzen zen poza, adibidez, Zabalaren soinuak Sigarrillos amariyos abestiaren lehen akordeak eskaini bezain pronto. Eta, azkenean, erabat lehertu zen giroa, lehen bisaren aurretik eskainitako hiru abestiko segidarekin. Ruper Ordorikak lagundutako Ta zer ez da berdin, lehenik, eta Eh Txo! eta Pakean utzi arte ondoren. Aretoa zutik, kantuan, dantzan. Eta txaloka eta txistuka gero, musikariak joatean, beste bat jotzeko eskatuz.
Bi bis eskaini zituzten musikariek, eta Guantanamera eta Arraultz bat pinu batean abestiekin itxi zuten emanaldia. Gonbidatu guztiak turuta banarekin oholtzan, publikoa dantzan, eta taldea jotzen utzita, urrats bat aurrerago Zabala eta Gari, publikoaren txalo zaparrada jasotzen. Elkarri besarkatuta biak, eta irudia atzean: Hertzainak.
Gaur berriz izango dira Euskaldunan, birako azken emanaldia eskaintzeko, eta gaurko sarrera guztiak ere salduta daude.