Enpresak

Adegik ikasleengana eramango du Enpresa Kultura Berria

NewCulturers Gunea antolatu du urriaren 16an, Donostiako Tabakaleran; aurretik, Industria Eguna egingo du Kursaalean, irailaren 30ean. Ia mila ikaslek eta 50 enpresak parte hartuko dute ekitaldi bietan.

Deustuko trainerua arraunean, Adegik babestutako estropada batean. GORKA RUBIO /FOKU
xabier martin
2019ko irailaren 25a
12:00
Entzun

Gipuzkoako patronalak "traineru estiloko enpresak" nola aritzen diren erakutsi nahi du, eta Enpresa Kultura Berrian murgilduta dauden 26 enpresaren "testigantzak" eramango ditu Tabacalerara, unibertsitariek haiek entzun ditzaten. Deustu, Mondragon, EHU eta Nafarroako Unibertsitateko 400 ikasle elkartuko ditu Adegik aspaldian bultzatzen ari den lan harremanen ereduarekin jarduten duten 20 enpresarekin. Ingeneritza, informatika eta enpresa ikasketak moduko atal teknikoetan ari diren ikasleek goiz osoko jarduna izango dute Tabacaleran; eta ekitaldi bukaeran, enpresek aukera izango dute hirugarren eta laugarren mailako zein master ikasleak modu lasaiagoan ezagutzeko. "Ez da enplegu azoka bat", ohartarazi du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendariak, baina onartu du balioko duela enpresek bertatik bertara ezagut ditzaten ikasleen balioak eta dohainak.

Adegik argi esan du berriro profesionalen soslai zehatzak falta direla lan merkatuan, "teknikoagoak", eta topaketa hori, eta aurretik egingo den Industria Egunarena ere, enpresen saio jakin batean kokatu du "ikasleek atal teknikora bideratzeko". Bakarrik hamarretik hiruk egiten dute ikasketa horien aldeko hautua, Eduardo Junkera Adegiko presidenteak azaldu duenez, eta enpresak zerbait egiten hasi beharra daukala gaineratu du.

Arraun egiten

NewCulturers Guneak helburu nagusi bat izango du: Adegik sustatzen duen lan harremanen ereduaren berri zuzenean ematea lan merkatuan sartzera doazen ikasleei. "Solasaldi inspiratzailea emango diegu", esplikatu du Juan Mancisidor Adegiko Enpresa Zuzendariak. Julian Iantzik gidatuko duen ekitaldia "ikasleen neurrira" izango dela aurreratu du, eta hainbat erronka jarriko dizkietela unibertsitariei, betiere "gizartean eta gero enpresan aplikatu daitezkeen jarrera eta balioen inguruan". Adegiren saria talde irabazlearentzat izango da traineru batean arraun egiteko aukera ematea. Enpresa parte hartzaileek ere sariak emango dituzte, horietako bat, esaterako, ikasle bat enpresaren ordezkaritza batekin nazioarteko azoka batera eramatea izango da.

Ikasleek eta enpresek elkarren berri bertatik bertara izateko helburu horretan, Industria Eguna egingo du Adegik aurretik. Hilaren 30ean, Kursaalean, hogei ikastetxetako 550 ikaslek parte hartuko dute ekitaldi horretan, DBH 4 mailakoak. Aurretik, Gipuzkoako hogei enpresari bisita egingo die DBHko atal teknikoetan ari diren ikasleek. Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua ariko da hizlari, baita Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eduardo Junkera Adegiko presidentea bera ere. ikasle gazteago horiek ere Gipuzkoako industria enpresen errealitatea ezagut dezaten nahi du patronalak, eta, horren barruan, emakume ikasleak sektorera erakarri, "oraindik ere ez direlako behar bezain beste sartzen", Junkeraren hitzetan, "eta sartu direnean profesional bikainak direla erakutsi dute".

Ekonomiaren moteltzeaz edota politika fiskalaz ez dute hitz egin nahi izan Gipuzkoako patronaleko kideek, nahiz eta ekitaldi biak plazaratzeko ekitaldian hainbat galdera jaso dituzten gai horien inguruan. Datorren asteko ostegunean, ohiko koiuntura inkestaren berri emango du Adegik, eta nazioarteko merkatuetan azken hilabeteetan egon den geldialdiaren eraginaz orduan ariko direla agindu du Jose Miguel Aierzak, baita kooperatibak Lanbiden eserlekurik ez eskuratzeko patronalak Eusko Legebiltzarrari igorritako gutunaren inguruan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.