09:30ean abiatu du Eusko Legebiltzarrak XI. legealdiko azken urte politikoa, politika orokorreko osoko bilkurarekin. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldiarekin hasi da saioa, eta taldeak arratsaldeko saioan ari dira erantzuten, txikitik handirako hurrenkeran. Espainiako blokeo politikoak eta hauteskunde berri posibleek baldintzatuta dago eztabaida. Lehendakariak bere agintaldian martxan jarritako ekinbideen bilduma egin du, eta berriak iragarri.
Arlo ekonomikoan Jaurlaritza "bide onetik" doa, Urkulluren esanetan, baina inguruko "ezegonkortasunak" gurean ere eragin dezakeela aitortu du. Europako "populismoak", Alemaniako ekonomia eta Espainiako egoera politikoa aipatu ditu . "Nahiko nuke esatea euskal gizarteak ez duela ezegonkortasunik jasango, baina ezin dut baieztatu". Aitortu du Espainiako egoera politikoa benetan "erdiragarria" dela. Nolanahi ere, lehendakariak azpimarratu du bere lehentasuna dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako "egonkortasun politikoari" eustea eta ez duela utziko Espainiako "tentsio politikoak" EAEri eragitea. Uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "su-hesi" bat eraiki dela inguruko "etengabeko ezegonkortasunetik" babesteko eta elkarrizketa politikoari eutsi zaiola, baita oposizioko taldeekin ere. Bide horretan sakondu nahi duela azpimarratu du lehendakariak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berriaren testu artikulatua idazten ari da legebiltzarrak izendatutako aditu talde bat, eta azaroraren 30erako izango du txostena prest, Urkulluk gaur iragarri duenez. Lehendakariak gogoan izan du bost adituek esku artean duten egitekoa, etorkizun berriak "elkarrekiko konfiantzan" oinarritu beharko duela, autogobernuaren gaitasuna zabaltzeko aukera emanez, "alde bikotasunean oinarrituta" eta gatazkak konpontzeko mekanismo batekin. Urkullurentzat, Kontzertu Ekonomikoa eredugarria da arlo politikoan ere EAEren eta Estatuaren aryeko aldebiko itun bat lortzeko, eta horregatik uste du aukera dagoela Kontzertu Politiko bat adosteko. "Euskadin nazio izaera duen konzentrazio akordioa eta Estatuarekin aldebikotasun bermea duen ituna". Horrela definitu du Urkulluk Kontzertu Politikoa. Haren ustez, egun aukera dago Estatuko "izaera plurionazionala" eta "autogobernuaren izaera berezia" kontuan izango dituen estatu eredu berri sortzeko.
Osakidetzako auziaz ere hitz egin du Urkulluk. Jaurlaritzak "gardentasunez" jokatu duela nabarmendu du, "justiziarekin elkarlanean" aritu dela. Nabarmendu du auzitik eratorritakoak "dagoeneko ikertuak" daudela eta dimisioa eman duten pertsonak "modu justu batean" epaitzea nahi duela. "Gertaerak erabat argitzeko interesa dugun lehenak gara. Gure konpromisoa amaieraino iristea da".
Taldeen txanda
Arratsaldeko saioan, taldeen erantzunetarako txanda izan da. PP izan da hitza hartzen lehena. Alfonso Alonsok Urkulluri aurpegiratu dio PPrekin ez beste alderdi guztiekin akordioak egitea. EAJk PP akordiotatik baztertu duela salatu du eta aurrekontuetarako ere PPren babesa ez duela bilatu gaineratu du. Alonsok Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko-juridikoaren erreformari egin dizkio Alonsok kritika nagusiak. Haren esanetan, aditu taldeak egingo duen proposamenak gainditu egingo ditu Espainiako konstituzioaren mugak, eta ohartarazi du Espainiako Gorteek baztertu egingo dutela. "Desleialtasun onartezina da". Proposamena bertan behera uzteko eskatu dio Urkulluri.
Espainiako politikagintzara begira hasi da Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailea hizketan, eta esan du euskal herritarrei ere "Pedro Sanchezen gobernu bat komeni" zaiela. Autogobernuaren alorrean, berriz, Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarrien eta Urkulluk eginiko hitzaldiaren kontra mintzatu da. Eredu konfederalaz "ahazteko" eta egungo sistema hobetzeari begira "indarrak batzeko" eskatu dio Urkulluri.
Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek adierazi du bere taldea "izaera sozial handiko estatutu berri baten alde" dagoela, baita indarkeriaren biktimek "egiarako, justiziarako, aitortzarako eta erreparaziorako eskubide berdina" izatearen alde ere: "Horretan guztian elkartu gaitezke, Urkullu jauna, akordio zabal eta anitzen bitartez".
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ontzat jo du kontzertu politikoaren proposamena: "Benetako aldebikotasun bermatua gauzatuko luke". Ados dago EH Bildu, eta, Iriarteren hitzetan, "hortik etor daiteke akordioa eta irtenbidea, oinarriak errespetatuz". "Beste harreman baten" beharra azpimarratu du, eta azaldu Espainiak ez duela beste harreman hori "besterik gabe eskainiko, eta EH bilduk ez beste inork ez du lagunduko".
Joseba EgibarEAJko bozeramaileak itxi du talde parlamentarioen hitzartzeen txanda, eta azaldu du estatus berrirako lantaldetik "ateratzen dena ateratzen dela, gehiengoa ahalik eta zabalena izatea" ez dela "printzipio txarra". Hala ere, erantsi du "gehiengo demokratikoek" ez dutela "gizarte bat zatitzen", eta ohartarazi du aditu taldeak idatziko duen testu artikulatua "onartutako oinarrien araberakoa" izango dela "derrigor".