Altsasuko auzia

Altsasuko gazteen senideek esku hartzeko eskatu diete alderdiei Nafarroako Parlamentuan

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak eskatuta egin dute agerraldia. Datorren asteartean erabakiko dute epaitegiek zigorren aurka jarritako helegiteei buruz.

Altsasuko Gurasoak Nafarroako Parlamentuan, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariekin. BERRIA
2019ko irailaren 13a
22:00
Entzun

Altsasuko auzian zigortutako gazteak "salbuespenezko egoera juridiko" batean daudela salatu dute haien gurasoek Nafarroako Parlamentuan. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak eskatuta egin dute agerraldia, Espainiako Gorenak zigorren aurka jarritako helegiteen inguruan erabaki baino egun batzuk lehenago. Bel Pozuetak, Adur Ramirez de Aldaren amak, gogorarazi du hasieratik terrorismo delitu bat egotzi izan zaiela gazteei, nahiz eta denek jakin ez zela halakorik izan: "Terrorista gisa tratatu dituzte".

Bertan izan da Amaia Amilibia, Jon Ander Cob gaztearen ama; salatu du euren oinarrizko eskubideak urratu dituztela, eta alderdiei eskatu diete esku har dezatela. "Baldintzapeko askatasunerako eskubidea, errugabetasun printzipioa, intimitatea eta ohorea... guztiak urratu dituzte. Haien argazki eta izenak zabaldu dituzte hasieratik 80ko hamarkadako terroristak balira bezala, eta erasotzailetzat jo dituzte. Nola konpondu daiteke eragindako mina? Nork konponduko du?".

Gurasoen jarrerarekin bat egin du Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek, eta neurrigabekotzat jo du auzia. Beste hainbeste egin du EH Bilduko Bakartxo Ruizek, eta adierazi du zentzugabea dela gazteei jarritako zigorra: "Guztiak aske uztea litzateke zentzuzkoa".

Ez dira iritzi berekoak izan Navarra Sumako Iñaki Iriarte eta PSNko Javier Lekunberri. Iriartek elkartasuna adierazi die erasoak salatu zituzten guardia zibilei, eta gertatutakoari garrantzia kentzea egotzi die alderdi abertzaleei eta "ezker muturrari". Auziak terrorismoarekin zerikusirik ez duela berretsi arren, auzitegien erabakia ontzat eman du Lekunberrik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.