Zientzia

Ura antzeman dute habitagarria izan litekeen exoplaneta baten atmosferan

Bere izarreraino duen distantziarengatik, exoplaneta eremu habitagarrian egon litekeela uste dute zientzialariek. Hainbat baldintzak, ordea, zaildu egingo lukete egun ezagutzen den bizia han egotea.

K2-18b planeta eta bere sistemako izar nano gorria eta beste planeta bat, irudikapen artistiko batean. ESA /HUBBLE, M. KORNMESSER / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 12a
17:00
Entzun

Ez da exoplaneta batean ura aurkitzen den lehen aldia, baina K2-18b exoplanetan aurkitu izanari garrantzia aitortu diote adituek. Aurretik gasez osatutako exoplanetetan aurkitu izan baita bizitza posible egiteko funtsezkoa den elementua. Oraingoan, baina, bestelako exoplaneta batean antzeman dute ura: arrokazko batean. Nature aldizkari zientifikoak eman du jakitera aurkikuntza.

K2-18b izar nano gorri baten orbitan ari da biraka, Lurrarengandik 111 argi urtera, Leo konstelazioan. Zientzialarien arabera, izarreraino duen distantzia dela eta, planeta eremu habitagarrian dago. Hau da, ura egoera likidoan mantentzeko moduko distantzia tartean. K2-18b-ren kasuan, bere izarretik 22 milioi kilometrora. Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantziaren %15 da hori. Askoz ere distantzia laburragoa da, baina Eguzkiak baino tenperatura apalagoa du K2-18 sistemako izarrak: 3.200 gradu —5.500 ditu Eguzkiak bere azalean—.

Ura eta tenperatura funtsezko aldagaiak dira bizitza egun ezagutzen dugun bezala jasangarria izateko. Baina adituek jakinarazi dute exoplanetaren eta bere izarraren ezaugarriek bizitza zailduko luketen bestelako baldintzak ere badituztela. Batetik, izarra nano gorri bat denez eta sortzen duen energia nuklearra kontsumitzeko adina masarik ez duenez, tarteka su garrak jaurtitzen ditu, eta horrek K2-18b-ren atmosferari eragingo lioke, izarretik hurbil baitago.

Hain zuzen, izarrarekiko gertutasuna dela eta, kontuan hartzekoa da izarrengandik hurbil biratzen duten planetek beren orbita finkatzen dutela, eta aurpegi bera erakutsi ohi dietela beren izarrei. Berdin gertatzen zaio Ilargiari Lurrarekin. Bada, litekeena da, kasu horretan, K2-18b exoplanetak errea izatea hemisferioetako bat, eta izoztua bestea. Adituen esanetan, ordea, bi hemisferio horien artean bizitzeko tenperatura egokiak egon litezke. Horrez gain, zientzialariek uste dutenez, planetak nahikoa atmosfera trinkoa baldin badu, barne dinamika klimatikoak izan ditzake, eta, beraz, horren muturrekoak ez diren baldintzak izan ahalko lituzke.

Exoplanetaren tamainaren ondorioz, zientzialariak behartuta daude kontuan hartzera atmosfera zabalegia eta trinkoegia izan litekeela. K2-18b Lurra baino bi aldiz handiagoa da, eta haren masa, Lurrarena zortzi bider adinakoa. Exoplanetaren atmosfera Lurrarena baino nabarmen trinkoagoa eta zabalagoa balitz, atmosferako presioa ere askoz handiagoa izango litzateke, eta horrek ere zaildu egingo lituzke han bizitzea posible izateko baldintzak.

Londresko University Collegeko ikerlari talde batek aztertu du K2-18b exoplanetaren atmosfera. Hubble teleskopioaren irudietan oinarritu dute ikerketa. Adituek uste dute James Webb teleskopioarekin —Hubble baino askoz ere handiagoa da— exoplaneta gehiagotan ere aurkituko dutela ura. Bi urte barru jaurtiko dute teleskopio berria espaziora.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.