Goizaldean hil da Jon Barberena Ibarra (Elizondo, Nafarroa, 1979), ondoeza izanda. Bertso munduan urteetan ibili da. Txapelketak albo batera utzi zituen orain urte batzuk, baina arlo horretan zebilen, Baztango bertso eskolako kide eta irakasle. Nafarroako Bertsolari Txapelketan, 2007an eta 2008an txapeldunorde geratu zen; aurretik, 2004an eta 2003an, Mariano Izeta eta Xalto sariak irabazi zituen.
Bihotzean min dut. Jon Barberena bertsolari eta idazle baztandarra zendu da bart. Besarkadarik estuena etxekoei eta lagunei.
— uiturriaga (@uiturriaga) 12 de septiembre de 2019
Ogibidez euskara irakaslea zen Barberena. Heziketa Fisikoko diplomatua zen, eta Gizarte eta Kultur Antropologiako lizentziaduna. Bertsolaritzaren esparruan ez ezik, literaturaren arloan ere bazebilen, poesian bereziki. Iaz, adibidez, Lauaxeta olerki saria irabazi zuen Neguko gaba lanarekin. Aurretik, 2016an, Iruñea Hiria poesia saria jaso zuen Izoztu zitzaigun negu hura lanagatik. Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Kultur Lehiaketan ere saritu zuten 2011n, 2013an eta 2015ean.
BERRIA Taldearekin harreman estua zuen Barberenak: kolaboratzaile zebilen Nafarroako Hitza-n. Joan den ostiralean argitaratu zuen azken artikulua.