Irailaren 19ra arteko epea dute Nafarroako Parlamentuko alderdiek Espainiako Senatuan ganbera hori ordezkatzeko hautagaiak aurkezteko. Iñaki Bernal proposatuko du Ezkerrak, gaur jakinarazi duenez. Geroa Baik ez du oraindik adierazi nor aurkeztuko duen, baina esana du aurkeztuko duela norbait. Bi horietakoren bat izango da senatari bi alderdi horien artean akordioa badago, baina, egon ezean, Navarra Sumak eskuratuko du senatari aulki hori.
Ezkerrak eta Geroa Baik eztabaida dute izendapenaren inguruan, biek aldarrikatzen baitute eurentzat senatari postu hori. Ezkerrak dio aurreko agintaldian lauko gobernua babestu zuten alderdien artean adostu zutela eurek aurkeztutakoa babestuko zutela Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Geroa Baik, ordea, argudiatzen du hori ahalbidetzen zuen akordioa bertan behera geratu zela eta euren kide batek ordezkatu behar duela.
Aldaketaren lau alderdiek zerrenda bateratua aurkeztu zuten Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Senaturako. Zerrenda horretan ordezkari bana zuten Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k, eta adostu zuten, Nafarroako Parlamenturako bozak ere egitekoak zirenez, Ezkerrarentzat izango zela parlamentuak zuzenean aukeratzen duen ordezkaria. Zerrenda bateratuak, ordea, ez zuen senataririk eskuratu, eta Geroa Baik dio horren ondorioz akordioa bertan behera geratu zela.
Ezkerrak EH Bilduren babesa du, koalizioak esana baitu "akordioa argia zela" eta emandako hitza beteko duela. Zortzi boto bilduko lituzkete horrela Bernalek. Geroa Baik, berriz, PSNren babesa du bi alderdi horien artean hauteskundeen ondoren hala adostuta. Hogei boto izango lituzke modu horretan Geroa Bairen ordezkariak. Baina, horiek horrela, Navarra Sumak proposatutako hautagaia aterako litzateke senatari parlamentuak aukeratuta, 20 boto baitituzte horiek, eta berdinketa kasuan boto gehien bildutako zerrenda izateak emango bailieke eurei senatari aulkia.
Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak zentzuz jokatzeko eskatu die Ezkerrari eta Geroa Bairi, eta ez baten proposamena eta ez bestearena ez direla une honetan bideragarriak. Elkarrizketara deitu du.