MEMORIA

Poliziaren Biktimen Legearen aurkako helegiteak arbuiatu ditu Nafarroako Parlamentuak

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k eman dute adierazpenaren aldeko botoa, eta kontrakoa Navarra Sumak.

1978ko sanferminetako gertakariak oroitzeko monumentua. Plaka hiru aldiz kendu diote azken asteetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon olano
2019ko irailaren 9a
07:18
Entzun

Joan den astean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen PPk, Ciudadanosek eta Voxek jarritako helegitea eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimei aitorpena egiteko eta erreparazioa emateko legearen aurka. Bestalde, Eusko Legebiltzarrak aurtengo apirilean onartu zuen 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitorpena egiteko legea, eta haren kontrako helegiteak ere tramiterako onartu zituen Auzitegi Konstituzionalak.

Gaur, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du foru arauaren aurkako helegiteen kontra. Zehazki, eskuineko hiru alderdien argudioak arbuiatu ditu, eta "motibazio politikoko indarkeriaren biktimen eskubideen defentsa berretsi" du, biktima horien "ideologia eta testuingurua edozein dela ere".

Bestetik, parlamentuak konpromisoa adierazi du Nafarroari biktimen aitortzaren alorrean "dagozkion eskubideak juridikoki babesteko" eta biktimen "aitortzarako eta erreparaziorako pausoak" emateko. Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatu dio bere egin ditzala konpromiso horiek. Zioen azalpenean, indar politikoek nabarmendu dute helegiteak tramiterako onartzea "foru autogobernuaren aurkako beste eraso bat" dela.

PSNren babesa

Adierazpena Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k erregistratu dute, eta PSN batu zaie bozketan. Ramon Alzorriz PSNko parlamentuko bozeramaileak azaldu du adierazpena PP, Cs eta Voxen argumentuaren aurkakoa dela eta Auzitegi Konstituzionala "arau baten konstituzionaltasunaz" mintzatu dela, "ez Nafarroaren autogobernuaz".

Navarra Suma da adierazpenaren kontrako botoa eman duen indar bakarra, eta Javier Esparza bozeramaileak PSNri egotzi dio "EH Bilduren diskurtsoa bere egin" izana: "Ezker abertzaleak ETAren indarkeria hiltzaileaz egiten duen errelatoa indartzen du lege horrek; kontakizun interesatua da, hemen ez delako gerrarik egon, ezta bi alde ere, erakunde terrorista bat eta askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik hildako herritarrak baizik".

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak, berriz, uste du PP, Cs eta Voxen argudioak "kontraesanean" daudela ganberaren "espirituarekin". Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak, ordea, azaldu du "kezkatzekoa" dela ontzat hartu izana helegitea: "Berriz agerian geratzen da haien obsesioa: funtzionario publikoek eragindako biktimak ez aitortzea". Bestalde, Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak esan du "parlamentuak onartutako legeen defentsan" lan egingo dutela.

Auzitegi Konstituzionalak 2018an bertan behera utzi zuen eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimei aitorpena egiteko eta erreparazioa emateko legea, eta, hura moldatzeko, 16/2019 Foru Legea onartu zuen parlamentuak. Horren kontra jo zuten eskuineko alderdiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.