Denboraldi honetarako, euskarazko bi telesail labur prestatuko ditu ETBk: Basauriko kartzelan 1976. urtean egon zen ihes saialdi baten ingurukoa da bietako bat. Pausoka ekoiztetxeak egingo du, baina oraindik ez diete ekin grabazioei. Ihesaldi saiakera ETAko Patxi Aranak eta Iñaki Aramaiok, PCE(r)-ko Pedro Martinez de Ilarduiak, eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso komunek egin zuten.
Beste telesaila K2000 ekoiztetxeak egingo du. Eta EITBk soilik esaldi batekin eman du ekoizpenaren gaineko informazioa: "Alardearen ingurumarian gertatzen da". BERRIAk jakin duenez, ez da Alardeari buruzko telesail bat, baizik eta thriller bat, eta, istorioarekin batera, egun horietan Alardea egingo dute.
EITBko iturrien arabera, beste telesail labur bat ere prestatuko dute datozen hilabeteetan.
Beste berritasun batzuk iragarri ditu ETBk, Gasteizko FesTVal jaialdiaren barnean: hilaren 26an, margolari amateurren reality bat estreinatuko du euskarazko kateak. Arimaren margolariak izena izango du saioak, eta zortzi lagun lehiatuko dira, hiru adituren begiradapean. Adituak Koldobika Jauregi, Arantza Orbegozo eta Jorge Malkorra izango dira.
Ur handitan saioa urrian itzuliko da ETB1eko programaziora, eta aurten 100. atalera iritsiko dira.
Ahoz aho programa, berriz, bihar itzuliko da ETB1eko arratsaldeetara —aurten ez dute Ahoz aho+ egingo gauez, eta saio horren edukiak arratsaldetan txertatuko dituzte—.
Egunotan, beste saio berri batzuk estreinatu ditu ETB1ek: Ahotsak, Egunak egin du eta Korrontzi dantzan. Azken horrek hiru atal baino ez ditu izango.
Kiroletan, aldaketa nabarmenak izango dira pilota jaialdietan: Josean Tolosak eta Jokin Errastik ez dute jarraituko esatari lanetan. Haien ordez, larunbat arratsaldeetan Mikel Idoate arituko da aditu lanetan, Josetxo Lizartzarekin batera. Eta, igandeetan, Abel Barriola arituko da, Xabier Euzkitzeren alboan.
Ana Ramosek Helmuga kirol saio berria aurkeztuko du igandeetan, 11:30ean. Emakumezkoen hainbat kirol emanaldiren aurretik izango da ikusgai.