Frantziako Poliziak maiatzaren 16an atxilotu zuen Josu Urrutikoetxea ETAko kide zeneko militante historikoa, Alpeetan, Sallanches herrian, erietxera premiaz prostata ebakuntza bat egitera zihoala. Ebakuntza ez zioten egin orduan, preso sartu baitzuten, baina urologoak ohartarazi zuen hilabete baten buruan egin beharko zitzaiola. Hiru hilabete eta erdira egin diote: joan den astelehen eguerdian, Parisen, Cochin ospitale publikoan, eta atzo berriz ere La Sante kartzelara eraman zuten.
Pare bat ordu iraun zuen ebakuntzak, baina sendiak ez du jaso informazio edo txosten medikorik. Egoitz Urrutikoetxeak gaur goizean bisitatu du aita Parisko espetxean, hiru ordu laurdenez, aurrez lotutako hitzordu bat zela medio. BERRIAri azaldu dio aitaren azalpenen arabera ebakuntza "ongi" joan zela, baina ondorio fisiko logikoekin ikusi duela, "ahul"; hala ere, "animikoki ongi" sumatu du.
Atxiloketaren ondotik Frantziak Urrutikoetxearen txosten medikoa "galdu" egin zuela jakinarazi zuen abuztuaren 9an Etxerat elkarteak, eta La Santeko zerbitzu medikoek asteak behar izan zituztela txostena berrosatzen hasteko. Uztailaren 15ean ziren ebakuntza egitekoak, baina ezeztatu egin zuten, "Justizia zerbitzuen aginduz", Etxerat-en arabera; uztailaren 29an ere ez zioten egin, "presondegiko administrazioaren axolagabekeriagatik"; izan ere, ez zuten gutxieneko sendabide protokoloa hasia. Gainera, erietxeko medikuak ohartu ziren beste infekzio bat zuela euskal presoak. Infekzio hori gainditu ostean egin diote ebakuntza, herenegun. Orain arte, hilero zunda bat jarri diote Urrutikoetxeari (Ugao, Bizkaia, 1950). Atxilotu aurretik, egunak zeramatzan pixa egin ezinda eta jan ezinda.
Familiak espetxean lehen aldiz uztailaren 31n bisitatu ahal izan zuen, hartarako baimena jaso ondotik. Bost lagunek dute hura bisitatzeko aukera, Frantziak hala erabakita: Urrutikoetxearen seme Egoitzek eta haren bikotekideak; alaba Iratik eta haren bikotekideak; eta Josuren bikotekideak. Egoitz Urrutikoetxeak laugarren bisita izan du gaurkoarekin. Presoak oraindik ez du gutunik jaso; Parisek blokeatuak dizkio eskutitz guztiak. Urrutikoetxea da La Sante espetxean dagoen euskal preso bakarra.
Baldintzapean aske uzteko eskaerari buruzko saioa, gaur zortzi
Sendiari gaur baieztatu diotenez, hilaren 11n izango da Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaerari buruzko bigarren auzi saioa, Parisen, estradizioen instrukzio auzitegian, 14:00 aldera. Presoaren abokatuek kontrolpean libre uzteko eskatuko dute, Justiziaren kontrolpean egoteko "bermeak" badaudelako eta osasunez larria dagoelako. Gainera, abokatuek argudiatuko dute ekainaren 19ko saioan Frantziako Dei Auzitegiak Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea ebatzi zuela. Ordea, egun hartan, La Santetik kalera irtetear zela, Poliziak berriro atzeman egin zuen, Espainiaren eskari bat zela medio. Fiskaltzak aske ez uzteko eskatuko du gaur zortziko saioan.
Espainiako Estatuak Urrutikoetxearen aurkako bi euroagindu eskatuak ditu, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta eta herriko tabernen auziagatik. Baita bi estradizio ere, Luis Herguetaren (1980) eta Zaragozako kuarteleko (1987) hilketetan ardurarik izan zuelakoan. Frantzia, berriz, bi epaiketa egitekoa da: ETAren zuzendaritzako kidea eta 2011-2013an Osloko elkarrizketagunean ETAren egiturako kidea izatea egotzita.
Iaz hura izan zen ETAren desegitearen adierazpenari ahotsa jarri ziona, Marixol Iparragirrerekin batera. Gaur Frantziak Espainiaratu egin du Iparragirre, Madrilen epaitu dezaten.