Alemania

Eskuin muturra ez da nagusitu Alemanian, baina asko indartu da

Saxonian eta Brandenburgon AfD eskuin muturreko alderdia nagusitzeko beldurra zegoen, baina kontserbadoreek eta sozialdemotratek eutsi egin diete.

Herritarrak, atzo, botoa ematen. JENS SCHLUETER, EFE
2019ko irailaren 2a
21:41
Entzun

Eskuin muturra ez da espero zen bezain indartsu agertu Alemanian. Ez du lortu ekialdean irabazterik, baina igoera nabarmena izan du. Eskualdeko bozak izan zituzten atzo Alemaniako bi eskualde horietan, eta, azken urteetako joerei eutsita, Angela Merkel kantzilerraren alderdiaren ahulaldia islatzea espero zen. Horrekin batera, eskuin muturraren indar erakustaldi bat izatea ere aurreikusten zen. Halaxe gertatu da.

Saxonian, Batasun Kristau Demokrata (CDU) alderdiak eutsi egin dio lehen indarraren lekuari. Botoen %33 lortu ditu, baina sei puntu galdu ditu. Bigarren indarra izan da AfD alderdia, botoen %28rekin. Gobernuan aldaketak iragartzen ditu horrek. Izan ere, CDUk alderdi kontserbadorearekin koalizioan gobernatu du han orain arte, baina aurrerantzean ez dute gehiengorik osatzen.

Brandenburgon, SPD alderdi sozialdemokratak eutsi egin dio aurreneko postuari, botoen %26,4 lortuta, baina duela lau urte baino bost puntu eta erdi gutxiago bildu ditu. Die Linkerekin gobernatzen zuen orain arte, baina aurrerantzean ezingo du, AfD indartsu sartu baita han ere: botoen %24 inguru.

Alexander Gauland AfDko bozeramailea pozik agertu da emaitzekin: "Ez dugu lehen indarra izaterik lortu, baina oso pozik nago emaitzekin". Joerg Meuthenek, bestetik, ohartarazi du behetik gora jarraitzea espero dutela: "Gure lana hasi besterik ez da egin". Azpimarratu dute ezingo dutela gobernatu beraiek kontuan hartu gabe.

CDU eta SPD, berriz, burumakur agertu dira, eta onartu dute babes handia galdu dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.