DIBAB erakundeak kaleratu duen inkesta batek berriz pitz lezake Bretainia historikoaren eztabaida. Horren arabera, Bretainia historikoko herritarren %67 lurraldearen batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde leudeke, eta erdiek bozkatuko lukete bost departamenduak batzearen alde.
Zehazki, Bretainia eskualdeko herritarren %68 eta Loire-Atlantique departamentuko herritarren %63 leudeke galdeketa hori egitearen alde, TMO Institutuaren inkestaren arabera.
Frantziako Errepublikaren lurralde egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamentuk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena; bestetik, Loire-Atlantique departamentua, hegoaldean dagoena: Naoned (Nantes) du hiriburutzat, eta Pays de la Loire eskualdearen zati da.
Identitateari dagokionez, bere burua bretoitzat dutenen kopurua gailendu da. Inkestaren arabera, Bretainia eskualdeko herritarren %87k bretoitzat lukete bere burua, eta Loire-Atlantiqueko herritarren %59k ere bai.
Iragan abenduan, Bretainia bateratzearen aurka bozkatu zuen Loire-Atlantique departamentuko kontseiluak. Zatiketaren aurkako mugimenduek 100.000 sinadura bildu zituzten kontseiluari eskatzeko galdegin dezala Loire-Atlantique Bretainia eskualdean sartzea, baina kontseiluko 62 kideetatik 30ek aurka bozkatu zuten, eta alde soilik hamahiruk —hamabostek abstentzioa eman zuten, eta lauk ez zuten bozketan parte hartu—.