Gaurko udalbatzan inork ez du lortu gehiengo osorik batzea: hautagaiek zazpi boto behar zituzten horretarako, eta seina lortu dituzte Alfredo Arruizek (EH Bildu) eta Iñaki Crespok (GIH Uharteko Independenteen Taldea). Uharteko osoko bilkurak hamahiru zinegotzi ditu berez, baina PSNko ordezkariak ez du kargua hartu. Azkenean, beraz, Arruiz izendatu dute Uharteko (Nafarroa) alkate, hura izan zelako boto gehien lortu zituen hautagaia.
PSNko Amparo Lopezen dimisioaren ostean egin dute gaurko saioa —Maria Txibiteren gobernuan dago Lopez orain—. Ikusmin handia zen goizean Uharteko udalbatza aretoan; han izan dira, esaterako, Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko kideak.
Gaurko bilkuraren aurretik, PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek aurreratu zuen Amparo Lopez alkate ohia ordezkatuko duen zinegotziak ez zuela kargua hartuko. Gaur, beraz, ez zuten ordezkaritzarik PSNkoek. Lopez PSNko zinegotzi bakarra zen, eta alkate aukeratu zuten, baina dimisioa eman zuen, Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari izendatu dutelako.
Aretoan bildutako jendea, txaloka @berriapic.twitter.com/qcLXffgT5M
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) August 27, 2019
Uharteko gobernu talde berria @berriapic.twitter.com/6wdcdkehck
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) August 27, 2019
Kargua hartu ondoren, Arraizek poza agertu du, "sainetea" bukatu delako. "Lana eta Uharterekiko konpromisoa" eskaini ditu, eta lehentasuntzat jo du haur eskolen auzia konpontzea. GIH taldeko Iñaki Crespo hautagaiak, berriz, penaz hartu du aldaketa, eta PSNren jarrera txarretsi du. "Koldar" jokatzea egotzi die sozialistei.
Navarra Suma: "Inposizio nazionalistatik kanpoko Nafarroa bat nahi genuen. Gaur, EH Bildu alkatetzan dago, baina ez herritarrek hala nahi dutelako, baizik eta amarruengatik". Jendea txistuka eta oihuka hasi da Navarra Sumako ordezkarien hitzen ondoren. ZInegotziak esan du Txibitek pagatutako lehen zerga" izan dela Uharteko alkatetza EH Bilduren esku egotea ".
Josean Belokik (Geroa Bai) Navarra Sumako ordezkarien jarrera kritikatu du: "Navarra Sumak gaitzetsi egin du PSNren aulkia hutsik dagoela gaur. Azken lau urteetan, Navarra Sumaren aulkia hutsik egon da osoko bilkura eta bilkura gehienetan".