G7koen goi bilera Miarritzen

Joseba Alvarez: "500 laguneko zerrenda bat dute, halakoetan Frantzian egoteko eskubiderik ez dugun euskaldunena"

Frantziako Poliziak jakinarazi du ostiralean eta larunbatean 85 lagun atxilotu dituztela denera. Ostiralean, hamazazpi atxiloketa izan ziren, eta larunbatean, berriz, 68; horietatik, 38 eraman zituzten polizia etxera.

68 lagun atxilotu zituzten atzo, Baionan. GUIILAUME FAUVEAU
Hodei Iruretagoiena
2019ko abuztuaren 25a
14:28
Entzun

 

"[Hendaiako zentroan] Jakinarazi didate ofizialki Frantziatik kanporatua nintzela. Beraz, ez naute askatu; kanporatu egin naute, eta adierazi didate 500 laguneko zerrenda bat dagoela horrelako egoera edo ekitaldiak daudenean Frantzian sartzeko, bizitzeko edo egoteko eskubiderik ez daukagun euskaldunena. Hori da Macronen demokraziaren eredua". Joseba Alvarez G7 Ez plataformako kideak BERRIAri kontatu dio nola izan diren bart gaueko gertaerak: G7 Ez plataformako beste kide batekin eta Alternatives G7 plataformako kide batekin zihoan Miarritzera bidean, eta errepideko kontrol batean gerarazi zuten, Frantziako Estatuan egoteko debekua zuela adieraziz. Gaur eguerdian utzi dute Behobiako mugan.

"Gu atzo Miarritzen herri harresi bat egiteko asmotan geunden, G7 Ez eta Alternatives G7 plataformak. Miarritze eta Baiona inguruan ibili ginen. Goizeko hirurak aldera, Hendaiako kanpalekurantz joan ginen, han Poliziarekin liskar gogorrak sortu baitziren. Jendarmeek geratu gintuzten errepidean. Hiru geunden autoan, Pariseko atariko arduradun bat, eta G7 Ez plataformako bi kide (LABeko ordezkari bat eta ni neu). Esan genion Poliziari plataformako arduradunak ginela, koordinatzaileak, eta kanpalekuan zegoen istilua konpontzera gindoazela. Hori entzun eta gero, autoa bazterrarazi eta dokumentazioa eskatu ziguten. Hara non, ustekabean, niri adierazi zidaten Frantziako Estatuan egoteko eskubiderik ez nuela, eta atxilotu behar nindutela".

Ondoren, polizia etxe bihurtutako Hendaiako immigrazio zentrora eraman zuten Alvarez, eta han izan dute gaurko 12:00 aldera arte. "Ikusi ahal izan ditut Baionan eta inguruko protesta guztietan atxilotutakoak nola ekartzen zituzten banan-banan, batzuk nahiko egoera tamalgarrian”. Han jakinarazi diote, ofizialki, Frantziako Estatuan egoteko debekua, eta adierazi diote 500 izeneko zerrenda bat zutela, "halakoetan Frantzian egoteko eskubiderik ez dugun euskaldunena". Biriatuko mugan Espainiako Poliziaren esku utzi, eta Behobian utzi dute gero, Iruñeko gazte batekin batera. "Gaurkoan ezin izan badugu egin herri harresi hori, hurrengo batean egingo dugu, inolako zalantzarik gabe".

Manifestazioa, atxilotuen alde

Gaur eguerdian, 200 lagun baino gehiago batu dira Hendaian, polizia etxearen inguruan. Atxilotuak askatu, G7koen, haien justiziaren eta haien munduaren aurka lelopean, egunotan atxilotutako ekintzaileen askatasuna aldarrikatu dute. Poliziak hurbildu zaizkie une batean, baina ez da istilurik sortu, eta portu aldera bideratu dute martxa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.