G7koen goi bilera

Hasi da G7koen goi bileraren aurkako kontragailurra, "alternatibak sortzeko" prest

Gaur goizean hasi, eta etzi bitartean egingo dute kontragailurra. Askotariko mintzaldi, tailer eta egitasmoak izango dira. Larunbatean manifestazioa egingo dute Hendaiako portutik.

2019ko abuztuaren 21a
07:14
Entzun

"Antolatzea lortu dugu, eta hori garaipena da". Horrela ekin diote antolatzaileek G7koen goi bileraren aurkako kontragailurrari. Hamarrak pasatxo hasi da, "alternatibak sortzeko" prest. Gerturatu diren militante eta kazetari guztiei ongietorria emanaz hasi dute jardunaldia. Haien esanetan, "herriaren ahotsa" izango da kontragailurra, eta ez dute inongo erasorik onartuko. Erasoren bat gertatuko balitz, protokolo bat prestatu dutela eta, behar izanez gero, aktibatu egingo dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Atzo, kasurako, G7koen gailurraren aurkako kanpalekuan sexu eraso bat izan zela salatu zuen G7 Ez plataformak.

Hiru egun falta dira G7koen goi bilera hasteko. Bitartean, gaur hasi da goi bilera hori salatzeko eta alternatibak badirela erakusteko hainbat eragilek antolatu duten ekinbidea. Hendaian, Urruñan, Miarritze inguruan (Lapurdi) eta Irunen (Gipuzkoa) egingo dira datozen hiru egunetako mintzaldi, tailer eta egitasmoak, gaurtik hasita. Lau gune nagusi izango dira, eta bakoitzerako eskaintza politiko eta kultural zabala prestatu dute. Horregatik, dei egin diete herritarrei, kontragailurrean aniztasun osoa azaleratzeko: "Elkartasun alternatiboak bideratzen ditugun ekologistak, feministak, arrazakeriaren aurkakoak, deskolonizazioaren aldekoak edota antiinperialistak bertan elkartuz".

"Irmotasunez baina lasaitasunez arituko gara, erresistentzia eta eraikuntza nahiak bultzaturik" nabarmendu dute antolatzaileek, eta "bortxarik gabeko metodoak" eta "teknika pazifikoak" soilik erabiliko dituztela azpimarratu nahi izan dute. Hala, ez dute segurtasun indarren aurkako "konfrontazioan" parte hartuko. Istiluren bat gertatuz gero, "bortxarik gabeko erresistentziak" garatuko dituztela adierazi dute, antolatzaileen artean adostu dituzten moduan. Horrela, manifestaldiak eta ekinaldiak bideratuko diren tokietan izango diren pertsona guztien segurtasuna ziurtatu nahi dute bideratzaileek.

Hitzaldiak ez ezik, mobilizazioak ere antolatu dituzte. Larunbat goizean egingo dute martxa bat, 11:00etan, Hendaiako portutik Irungo Ficobara. Arratsaldean, berriz, egitasmo bat prestatu dute Jaka Horiek, 16:00etan. Egitasmo hori egingo duten lekua sare sozialen bidez zabalduko dute. Hurrengo egunean, Miarritze inguruko zazpi plaza okupatu asmo dituzte Ortzadarra deitutako ekintza osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.