Indarkeria matxista

Bederatzi emakumek sexu jazarpena leporatu diote Placido Domingo abeslariari

Associated Press berri agentziak testigantza ugari jaso ditu. Hainbat emakumek salatu dute abeslariak presio egin ziela harreman sexualak izateko. Profesioko zenbait kidek berretsi egin dute tenorraren jarrera desegokia.

Placido Domingo, artxiboko irudi batean. ROBIN TOWNSEND, EFE
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 13a
09:32
Entzun

Albisteak argitaratu bezain laster egin du eztanda. XX. mendearen bigarren erdialdeko tenorrik ospetsuenetako bat, Placido Domingo, salaketa olde baten jomuga bilakatu da: bederatzi emakumek sexu jazarpena leporatu diote abeslariari. AEBetako Associated Press berria agentziak jaso ditu testigantzak. Zortzi abeslari eta dantzari bat dira sexu jazarpena salatu duten emakumeak; haietatik, Patricia Wulf mezzosopranoak soilik onartu du bere izena zabaltzea. Beste zortziek anonimotasunaren aldeko hautua egin dute, oraindik ere arlo horretan lan egiten dutela eta ondorioak jasan ditzaketela iritzita.

Testigantza horien arabera, abeslariak harreman sexualak izateko presio egin zien emakume horiei, guztiak ere beren ibilbide profesionalaren hastapenean zirela. Emakumeek 1980ko hamarkadan kokatu dituzte gertakari horiek, eta adierazi dute hurrengo hiru hamarkadetan ere sexu jazarpena jasan zutela. Esate baterako, horietako batek esan du tenorrak ukituak egin zizkiola gona azpitik. Beste hiru emakumek, berriz, aitortu dute ahoan musu ematera behartu zituela abeslariak; bati aldagela batean, beste bati hotel bateko gela batean, eta beste bati laneko bazkari batean.

Pasarte guztiek jokabide eredu berbera dute oinarrian: emakume gazteak eta bizibide horretan esperientziarik gabeak, gauerdiko deiak, bakarkako hitzorduak, aholku profesionalak... Antzeko ezaugarriak errepikatzen dira kasu guztietan; baita tenorrak iradokitakoa ez egiteak ekar zitzakeen ondorioak ere. Lekukotasun horien arabera, abeslariak esan zien ondorio profesionalak izango zituztela eskari horiek bete ezean; hain justu, bederatzi emakume horietatik zazpik esan dute beren ibilbidean ondorioak izan dituztela abeslaria errefusatzeagatik.

Bi emakumeren kasuan, tenorraren proposamenak onartu eta burutu egin zituzten, garai hartako gizon boteretsu hari ezetz esateko beldurrarengatik. Haietako batek adierazi du bi aldiz oheratu zela abeslariarekin, Los Angeles hiriko operatik hurbil dagoen hotel batean. Haren arabera, tenorrak 10 dolar eta ohar bat utzi zizkion logelatik joan zenean. Honela zioen oharrak: "Ez dut nahi prostituta bat bazina bezala senti zaitezen, baina ezta aparkalekuagatik ordain dezazun ere".

Emakumeen testigantzak ez ezik, Domingoren kideen testigantzak ere jaso ditu berri agentziak. Lekukotasun horien arabera, hainbat kantari, dantzari, orkestra musikari, teknikari, kantu irakasle eta administrari izan ziren abeslariaren jarrera desegokiaren lekuko: "Inpunitate osoz jazartzen zitzaien emakume gazteei". Halaber, adierazi dute joera zegoela tenorraren jarrera jazarle horren inguruan ohartarazteko: "Ahozko tradizio bat dago emakumeei Placido Domingoren jarreraren inguruan ohartarazteko". Aholku horien arabera, emakumeek tenorrarekiko elkarrekintza oro saihestu behar zuten.

Domingo, jomugatik ihesi

Testigantza horien harira, abeslariak adierazpen batzuk egin ditu. Lekukotasunak argitaratu diren hedabide berean hitz egin du: "Mingarria da norbait deseroso sentiarazi dudala entzutea", adierazi du ohar batean, testigantza horiek zehaztasunik gabekoak direla iritzita: "Oso kezkagarriak dira duela 30 urteko gertaerak salatzen dituzten akusazio horiek; identifikatu gabeko pertsona batzuek egin dituzte, eta, deskribatzen diren moduan, zehaztasunik gabekoak dira".

Harreman guztiak "ongi etorriak eta adostuak" izan zirela iritzi dio, eta ez litzatekeela inor berariaz mintzeko gai izango: "Ezagutzen nauen edo nirekin lan egin duen orok argi dauka ez dudala nahita inor mindu, iraindu edo lotsatu nahi izan". Hala ere, oharrean nabarmendu nahi izan du egungo eta garai hartako jokabideak aldatu egin direla: "Onartzen dut jarrerak neurtzeko garai hartan erabiltzen ziren irizpideak eta gaurkoak oso ezberdinak direla. Operan 50 urtetik gorako ibilbidea egiteko aukera izan dut, eta aurrerantzean estandarrik altuenei eutsiko diet".

Albisteak askotariko erreakzioak eragin ditu. Helga Rabl-Stadler Salzburgoko Festibaleko presidenteak, esaterako, babestu egin du abeslaria. Haren esanetan, ez ditu bertan behera utziko hilaren 25ean eta 31n tenorrak eman beharreko kontzertuak. "Duela 25 urtetik ezagutzen dut, eta hasieratik liluratu ninduen haren gaitasun artistikoak eta langileak errespetuz tratatzeko moduak", adierazi du. Presidentearen esanetan, oraintxe bertan "objektiboki okerra eta gizalegez arduragabea" litzateke "behin betiko iritzia eta erabakia hartzea".

Filadelfiako Orkestraren Erakundeak, aldiz, bertan behera utzi du tenorrak hilaren 18an egin beharreko jarduna. Hala, ohar batean adierazi du erabakiaren zergatia: "Konpromisoa dugu orkestra eta orkestrako langileak, artista kolaboratzaileak eta konpositoreak, eta gure audientzia eta komunitatea giro egoki eta seguru batean mugi daitezen". Hain justu, "giro egoki eta seguru" hori bermatze aldera utzi dute bertan behera kontzertua, Placido Domingoren aurka argitaratu diren testigantzak ezagun egin ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.