28 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Gasteizen gaur goizaldean. Emakume bati sexu erasoa egitea eta hari jotzea leporatzen diote. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, gazte kuadrilla bat zebilen Foruen plazan —atzo amaitu ziren jaiak Gasteizen—. 05:20 aldera, gizon bat hurbildu zaie, eta ukituak egin dizkio andre bati. Emakumeak kargu hartu dio gizonari, eta ukabilkada bat jo dio erasotzaileak, aurpegian. Korderik gabe utzi du andrea.
Haren lagunek eutsi diote erasotzaileari Ertzaintza iritsi arte, eta atxilotu egin dute lekuan bertan. Txagorritxu ospitalera eraman dute emakumea.
Gaur goizaldekoa ez da izan Gasteizko jaietan izandako indarkeria matxista kasu bakarra. Herenegun, esaterako, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten, 30 urteko emakume bati sexu eraso bat egitea egotzita. Astelehenean, berriz, 38 urteko gizon bat atxilotu zuten, neska adingabe bati ukituak egitea egotzita. Gasteizko Mugimendu Feministak eta udalak eraso sexisten aurkako protokoloak martxan jarri dituzte.