Huaweik, teknologiaren Txinako erraldoiak, HarmonyOS aurkeztu du, sistema eragile propioa. Horrelako lortuko du AEBetako teknologiatik askatzea, neurri batean, eskuko telefonoen munduko ekoizlerik handienetan bigarrenak.
Egun, Huaweiren smartphone-ek Googleren kode irekiko Android sistema eragilea darabilte; azaldu dutenez, hura erabiltzen jarraitzeko asmoa dute oraingoz —munduko sakelakoen %85ek darabilte Android—. Ordea, AEBetako Gobernuak Huawei bere zerrenda beltzean du, eta Googlek ez dio bere teknologiarik saltzen aurtengo maiatzetik. Txinako enpresak blokeoari aurre egiteko prest dagoela erakutsi du; txip propioak ere ekoizten ditu jada.
Smartphone-etan baino lehen, Huaweik beste zenbait gailutan jarriko du martxan HarmonyOS: erlojuetan, bozgorailuetan eta telebistetan. Richard Yu Huaweiren kontseilari delegatuak azaldu duenez, "HarmonyOSek ez du zerikusirik Android eta iOSekin", eta ez dute horiekin lehiatzeko asmoz sortu. Txinatarren helburua zen aurten bilakatzea munduko eskuko telefonoen ekoizlerik handiena, baina, azaldu dutenez, hori betetzea ezinezkoa izango da, AEBetako Gobernuak jarritako zigorren ondorioz.