Igande honetan jokatuko dute denboraldi aurreko partida Realak eta Bordeleko Girondinsek, eta ez da edonolakoa izango: Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren aldeko lagunarteko partida izango da. Arratsaldeko seietan izango da, Donibane Lohitzuneko Pavillon Bleu estadioan. Zuri-urdinek ilusioz begiratzen diote denboraldi berriari, iazkoan Espainiako Kopa irabazi ondotik. Aurkari gogorra izango du parean. Girondinsek laugarren postuan amaitu du azkeneko Frantziako liga.
Atzo eman zuten lagunartekoaren berri, Donibane Lohitzuneko Herriko Etxean. Prentsaurrekoan egon ziren Joseba Ibarburu Realeko presidenteordea, Garbiñe Etxeberria emakumeen saileko kirol zuzendaria, eta Ramuntxo Etxeberri Seaskaren arduraduna, besteak beste. Seaskak azaldu duenez, partidako irabaziekin Baionako Estitxu Robles kolegioaren ikasgela batzuen antolaketa ordainduko du.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, Realaren Elkano kaleko dendan eta Seaskako webgune ofizialean. Sarreren prezioa 10 euro da helduentzat, eta 5 euro umeentzat.