Indarkeria matxista

Bilboko Udala herri akusazio gisa aurkeztuko da talde bortxaketaren auzian

Bilboko Bizilagun Elkarteen Federazioak eta Clara Campoamor elkarteak kritikatu egin dute epaileak sei atxilotuetako lau baldintzapean aske utzi izana. "Irmotasun handiagoa" eskatu dute, eta sei atxilotuak espetxeratzea.

Bilboko talde bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea, joan den ostiralean, Bilboko Arriaga plazan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abuztuaren 5a
10:47
Entzun

Bilboko talde bortxaketarekin lotuta, joan den ostiralean atxilotu zituzten sei gizonezkoetako bi espetxeratu egin dituzte, eta gainontzeko laurak baldintzapean aske uzteko agindu du epaileak. Espetxeratuak Basauriko kartzelara (Bizkaia) eraman dituzte. Aske gelditu direnek, berriz, epaitegira  joan beharko dute egunero. Epailearen erabakiaren kontra agertu dira Bilboko Bizilagun Elkarteen Federazioa eta Clara Campoamor elkartea. Elkarte horrek iragarria du herri akusazio gisa aurkeztuko dela. Bilboko Udalak gaur jakinarazi du neurri bera hartuko duela.

"Zertan ari dira pentsatzen epaileak atxilotuetako lau aske uzteko? Zergatik egiten dituzte bereizketak?", galdetu du Carlos Ruiz bizilagun elkarteen federazioko bozeramaileak. Ruizek adierazi du atxilotu zituzten sei gizonei delitu bera leporatzen bazaie seiak espetxeratu behar direla. Federazioko bozeramaileak ohartarazi du erasoaren biktima "bere erasotzaileekin kalean gurutza" daitekeela. "Irmotasun handiagoa" eskatu dio justiziari sexu erasoen inguruan. Ruizek nabarmendu du erasotzaileek gisa horretako delituak berriro egin ohi dituztela, eta baldintzapean aske gelditu direnek leporatzen zaien delitu bera berriro egiteko arriskua dutela.

Clara Campoamor elkarteak ere baldintzapean aske utzi dituzten lau gizonezkoen espetxeratzea galdegin du. Guardiako epaitegira joko du gaur,  kartzelatu ditzatela eskatzeko.

Hilabeteko lehen astelehenero bezala, Betaurreko Moreak talde feministak elkarretaratzera deitu du gaur ere, Bilbon, indarkeria matxistaren kontra. Elkarretaratzea 20:00etan izango da, Plaza Eliptikoan.

Joan den ostiralean atxilotu zituzten seiak epailearen esku utzi zituzten larunbat goizean. Egun osoan deklaratzen aritu ostean, epaileak igande goizaldean agindu zuen horietako bi behin-behinean espetxeratzea eta gainerako laurak baldintzapean aske uztea. Ertzaintzak 18 urteko andrazko baten talde bortxaketan parte hartu zutelakoan atxilotu zituen. Erasoa joan den asteazkenean gertatu zen, Bilboko Etxebarria parkean. Sei gizonezkoek 18 eta 36 urte artean dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.