Sozialismoaren beste buruzagi esanguratsu batzuei bezala, Maria Txibiteri ere (Cintruenigo, Nafarroa, 1978) familiatik datorkio tradizio politiko horrekiko atxikimendua. Haren osaba Carlos Txibite zen, 2004tik 2008ra PSNko idazkari nagusi izandakoa —karguan zela hil zen—. Carlos Txibiteren alaba bat ere, Lorena Txibite, PSNko zuzendaritzako kidea izan zen 2008tik 2012ra.
Baina abizenaren itzalak baino zerbait gehiagok eraman du Txibite PSNren lehen lerrora, eta, orain, Nafarroako lehendakaria izatera. Hura ezagutzen dutenek nabarmendu dute ongi prestaturiko politikaria dela, trebatua eta ikasia. Eta, bestalde, PSN-n egin duen ibilbide luzeak —1998an Nafarroako Gazte Sozialistak erakundean izena eman zuenetik da alderdiko kidea— aukera eman dio PSN ongi baino hobeto ezagutzeko, bai barne egituretan, bai instituzio lanetan.
Txibitek Soziologia ikasi zuen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Geroago, master eta graduondoko ikasketa batzuk ere egin zituen: Giza Baliabideen Kudeaketa eta Antolakuntza, Lan Arriskuen Prebentzioa, eta hauteskunde kanpainen inguruko graduondoko ikastaro bat ere egina du. Hala ere, lan ibilbide gehiena alderdiari lotutako ardura instituzionaletan egin du.
Txibite 2001ean sartu zen PSNren gazte erakundearen zuzendaritzan, eta 2003an, Cintruenigoko zinegotzi izendatu zuten. Handik Nafarroako Parlamentura igaro zen, 2007an; hurrengo hauteskundeetan, 2011n, berriro hautatu zuten legebiltzarkide, eta bizitoki zuen udalerrian, Eguesibarren, zinegotzi aukeratu zuten.
Hor hasi zen Txibiteren bidea alderdiaren lehen lerroan. PSNren zuzendaritzan sartu zen, eta Madrilera jauzia egiteko abagunea ere iritsi zitzaion, senatari izendatu baitzuten. 2014an, Roberto Jimenez PSNren orduko idazkari nagusiak iragarri zuenean ez zela aurkeztuko Nafarroako lehendakarigai sozialista izateko, Txibitek bere burua aurkeztu zuen primarioetara, eta handik egun gutxira bere hautagaitzak espero gabeko bultzada jaso zuen: Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi hautatu berriak telefonoz deitu zion, eta proposatu zion Senatuko talde sozialistaren bozeramaile izatea. Ardura horretan arituko zen Senatua utzi arte.
Askoren arabera, sektore ofizialaren hautagaitza izan zen berea Nafarroako lehendakaritzarako hautagai sozialista aukeratzeko primarioetan. Aise gailendu zen, botoen %59 lortuta. Ondoren, PSNren idazkari nagusi izateko ere aurkeztu zen, eta berriro nagusitu zen.
Baina PSNren buru berriaren arrakasta alderdi barruko bozetara mugatu zen. 2015eko hauteskundeetan, inoizko emaitzarik kaskarrenak izan zituen PSNk —zazpi parlamentari—, eta, okerragoa izan zena, haren botoak ez ziren erabakigarriak izan balantza batera edo bestera eramateko. Geroa Baiko Uxue Barkos izendatu zuten lehendakari, eta haren agintaldian, PSN saiatu zen aldaketaren gobernuari oposizioa egiten eta aldi berean eskuinaren indarrekin distantzia gordetzen, baina sakoneko gai gehienetan UPN eta PPrekin lerratu zen.
Orain, aldiz, haizea alde izan du, eta horri esker, Nafarroako lehendakari bihurtu da mendian ibiltzearen eta Vetusta Morla, Lori Meyers eta antzeko indie taldeen zalea den politikaria.
Maria Txibite
Abizena, eta zerbait gehiago
PSNko buruari familiatik datorkio alderdi horren aldeko hautua, baina trebakuntza eta PSNren zirrikituak ondo ezagutzea ere baliagarri suertatu zaio ibilbide politikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu