Gazte mugimenduak

Polizien jarraipenak eta kolaborazio eskaerak salatu dituzte hiru gaztek

Kaleko jantzitako polizien "jazarpen jarraitua" hainbat hilabetez jasan dutela kontatu dute gazte eta ikasle mugimenduetako hiru militantek: "Azken urteko gertaeren artean, mehatxuak, jarraipenak, xantaiak, kolaborazio eskaerak eta dei anonimoak salatzen ditugu".

Jazarpena salatu duten hiru gazteak, hainbat kiderekin batera egindako agerraldian. GEDAR LANGILE KAZETA
2019ko uztailaren 29a
12:21
Entzun

"Euskal Herriaren askapenaren eta jendarte sozialista baten aldeko lan politikoak ez du inongo berme juridikorik eta isilpean kontrolatua eta erasoa jarraitzen du". Hala ohartarazi dute gazte eta ikasle mugimenduko hogei bat kidek, Gedar Langile Kazeta-k zabaldutako ohar batean. Haien hitzetan, "azken hamarkadan testuinguru politikoan aldaketak izan diren arren, eta gazte militante konprometituen ekinbidea nabarmen aldatu bada ere, estatuek eta haren botere egiturek onartezintzat dute etekinaren logika itsutik harago doan edozein ekinbide politiko". Horren adibide dira, gazteek azaldu dutenez, hiru militantek "hainbat hilabetez" jasandako "jazarpen jarraitua".

"Kaleko jantzitako poliziek hainbat alditan behartu nahi izan ninduten eurekin toki bakanduetara joatera", kontatu du Leioako campusean ikasten duen zarauztar batek, eta haiekin kolaboratu ezean unibertsitatetik botatzeko auzibide bat hasiko zutela esan ziotela. "Hori guztia amaitzeko bide bakarra eurekin kolaboratzea zela esan zidaten: izenak ematea, etorkizunean egin zitezkeen ekintzen berri ematea...".

Beste ikasle donostiar batek ere salatu du jarraipenak eta deiak izan dituela: "Nire ikasle pisuko atariraino etorri ziren, preso politikoen aldeko ekimen bateko gertakarien harira mehatxu eginez". Gurasoenera ere deitu zutela azaldu du: "Bolada baten ostean, nire amak telefono dei bat jaso zuen, eta, telefonoaren beste aldetik, Kimikako nire klasekide baten aita zela esanez aurkeztu zen gizonezko bat. Nik Fisika ikasten dut. Ustezko klasekidearen aitak nire jardun politikoa arriskutsua zela eta tentuz ibiltzea komeni zitzaidala esan zion amari. Koldarra ere deitu ninduten, ez nuelako eurekin hitz egin nahi izan".

Gazte ordiziar batek kontatu du auto istripu bat izan zuela poliziak jarraika zituen batean, eta dei anonimoak jasotzen hasi zela ondoren, ekainean: "Dei batzuk erantzun banituen ere, ez zidan inork erantzuten telefonoaren beste aldetik. Horietako batean, baina, komisariatik pasatzeko gonbidapena egin zidan deitu ninduenak".

Testigantzak ezagutaraztearekin batera, gazteek ohartarazi dute "gazte militantzia beldurtzeko" eta "informazioa eskuratu eta artxibo errepresiboak osatzeko" helburua dutela halakoek. "Behar-beharrezkoa iruditu zaigu gertakari hauek publikoki aditzera ematea eta Euskal Herriko agente politikoei zein norbanakoei dei egiten diegu pasarte larri hauei ahotsa eman diezaioten", esan dute: "Zapalkuntza nazionalak eta klase arteko harremanak zeharkatzen dituen testuinguru honetan, militantziaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu. Dirudienez, oinarrizko askatasun politikoek ez dute lekurik gizarte politiko ez-ofizialean".

Besteak beste, Ikasle Abertzaleek, AEM Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduak, Ernai gazte antolakundeak eta SEPC Herrialde Katalanetako ikasle antolakundeak elkartasuna adierazi diete gazteei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.